Kintopeko marka ontzen saiatuko da 'Urra'

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 22a, 11:30
Mikel Lopetegi 'Urra' Aian, Peru Harria Txapelketan (Aritz Mutiozabal).

21 urtez azpiko harri-jasotzaileen arteko txapelketa jokatuko da larunbatean, Zarautz Basque Label Fest jaialdiaren barruan.

Aurten, hiru izango dira lehian ariko direnak: Mikel Lopetegi Urra zarauztarrarekin batera, Jon Gisasola mallabiarra eta Aritz Etxeberria ermuarra.

Urrak irabaziak ditu hiru txapela, baina aurtengoa maila horretan parte hartuko duen azkena izango du, eta garaipen berri bat lortzeaz gain, txapelketako marka hobetzen saiatuko da. Orain arteko marka 59 altxaldikoa da, hiru harri-jasotzaileek lorturikoa: Iñaki Oliden oriotarrak, Beñat Telleria lasartearrak eta Urrak berak.

Lege Zaharren enparantzan jokatuko da Kintopeko Txapelketa, 19:00etan hasita. Parte hartzaileak bi harrirekin ariko dira, bakoitzarekin hiru minutuko lanean: alde batetik, 100 kiloko kubikoarekin, eta bestetik, 100 kiloko zilindro zaharrarekin.

Txapelketaren aurretik Zarautz Kirol Elkarteko harri-jasotzaile eskolako ikasleen erakustaldia izango da.