Memoriaz hausnartzeko gunea zabalduko dute asteartean

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 30a, 15:30
Ezkerretik, Mikel Goenaga (EH Bildu), Gloria Vazquez (PSE-EE), Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, Xabier Txurruka alkatea (EAJ), Jesus Arana (EAJ) eta Ana de Benito (Irabazi Zarautz).

Memoriaren Plaza ekimen ibiltaria iritsi da Zarautzera, Gogora institutuak bultzatuta. Urriaren 13ra arte, hamar egunez izango da erakusketa ikusgai Munoa plazan.

Asteartean zabalduko dute Memoriaren Plaza erakusketa, memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen Gogora institutuak bultzatu duen ekimen ibiltaria. Gaur egin dute aurkezpena, eta Zarauzko udaleko talde politiko guztietako bozeramaile guztiek hartu dute parte agerraldian, Gogora erakundeko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin batera. Horrek nabarmendu du izandako jarrera eskertzekoa dela. "Ekimen honek Zarautzen izan duen harrera txalotzekoa da, eta horren adierazle da gaur hemen bozeramaile guztiak ditugula, guztion harrera anitza eta bateratua dela adieraziz".

"Gure herriko memoriaren eraikuntzan gizartearen parte hartze anitza bermatzea" da Memoriaren Plaza ekimenaren helburu nagusia eta horregatik atera dute plazara . "Gure ustez, erakundeak egin behar duena da plazetara irten, eta batetik, erakutsi orain arte jaso dugun memoria anitza, eta bestetik, herritarrak gonbidatu beren bizipenak zein emozioak bertan utzi ditzaten, guztion artean eraiki behar dugun memoria horretan parte hartu dezaten".

Erakusketa “nahiko berritzailea” da, “harritu egiten du egiturak berak”. Hainbat gunetan dago zatituta. Batetik, askotariko biktimen testigantzak jasotzen dira hiru gunetan: lehenbizikoan, terrorismoaren biktimen testigantzak; bigarrengoan, 1978 bitartean indarkeria polizialak eragindako biktimen testigantzak, eta azkenik, memoria historikokoak.

Laugarren espazio batean, herritarrek orain arte emandako testigantzak bildu dituzte, besteak beste, kultura arloko zenbait pertsonen iritzia eta hausnarketa eta baita askotariko herritarrek emandakoak ere. Guztira, 200dik gora bizipen aurkitu ahalko dira erakusketan. Hori dela eta, Ezenarrok adierazi du “benetan eskertzekoa” dela biktimek testigantzak emateko izan duten borondatea.

Testigantzak ikus-entzunezkoetan daude jasoak, eta kanpai erraldoi batzuetan proiektatuko dira laburpenak. Horrez gain, testigantzak bere osotasunean ikusteko, totem batzuk ere atonduko dituzte. Terrorismoa zein indar polizialak eragindako biktimen bideoak Gogora berak egin ditu aurten, eta memoria historikokoak lehendik jasota zeudela. Gogoratu du Zarauzko Udalak ere baduela memoriari eskainitako ikus-entzunezko labur bat eta hori ere ikusgai dagoela erakusketan.

Berazadiren testigantza, lehenbiziko aldiz

Beste esparru bat dinamikei eskainita dago, zenbait hitzaldi, bideo emanaldi eta bestelako ekimenak eskaintzeko. Hain zuzen, memoria ikusi eta jasotzeaz aparte, memoriaren gainean gogoeta egitea bultzatu nahi dutelako, "helburua ez baita memoria jaso eta biltegi batean gordetzea, memoriak duen balio erantsia baita gogoeta eragitea".

Zehazki, azken hamarkadetan Euskal Herrian gertatu denaren gainean hausnarketa kritikoa eragin nahi du Gogora institutuak. "Edozein arazo konpontzeko, indarkeriara jo izanaren aurrean kritiko azaltzea da helburua, gizarte kritiko bat izatea aurrera begira gehiago gerta ez dadin. Ikas dezagun iraganean gaizki egindakoaz, aurrera begira gehiago gertatu ez dadin”, dio Ezenarrok.

Antolatu dituzten hitzaldien artean, hilaren 5ean, Lourdes Herrasti Arantzadi elkarteko historiagile eta antropologoak azalduko du deshobiratzeen prozesua azalduko du. Hilaren 6an zein 10ean eskualdeko zein Zarauzko biktima batzuen testigantzak zuzenean jasotzeko aukera izango da. Osteguneko saioak bi zati izango ditu. Lehenbizi duela 41 urte fusilatu zuten Jon Paredes Manot Txiki-ren anaiak, Mikelen testigantza eskainiko dute, eta ondoren, Arantza Oñederrarena. GALek hildako Ramon Oñederra azpeitiarraren arrebarena.

Urriaren 10eko hitzorduak “aipamen berezia” merezi du. Izan ere, lehenbiziko aldiz Cristina Berazadiren bizipenak jasotzeko aukera izango da. ETA politiko militarrak hil zuen lehenbiziko zarauztarraren, Anjel Berazadiren alaba da Cristina. “ Familia horrek alde egin zuen aita hil ziotenean, eta lehenbiziko aldiz bere alabak elkarrizketa bat eskaini du. Beste inon ikusi ez den testigantza hori Zarautzen ikusteko aukera izango da”, zehaztu du. ETAko beste biktima asko bertan izango direla iragarri du Ezenarrok, eta elkarrizketarako aukera izango dela.

Horrez gain, hainbat dokumental ere eskainiko dituzte: lanegunetan, Reconciliación (16:00) eta El valor de la autocrítica(17:00), eta jaiegunetan, Oinatz galduak (15:00).

666 ikasle

Goizetan, berriz, eskualde guztiko 16-18 urte bitarteko gazteei bisita gidatuak eskainiko dizkiete, ordu eta laurdeneko saioetan banatuta. Ezenarrok nabarmendu du Zarauzko ikastetxe guztietatik bertaratuko direla ikasleak, eta baita eskualdekoetatik ere. Zarautzen, gainera, erakusketa ibiltaria martxan jarri zenetik, inoiz baino ikasle gehiago izango direla aurreratu du, zehazki, 666 lagun. "Horrek erakusten du badagoela gure iragana ezagutzeko gogoa, gure iraganari buruz hitz egiteko gogoa. Geroz eta beldur gutxiagorekin begiratzen diogu gure iraganari, badugulako borondate bat, partekatua, atzera begiratu, gogoeta kritikoa egin eta aurrera begira zutoin sendoak jartzeko".

 Astelehenean bertan inauguratuko dute, 18:00etan, eta bertan izango dira Ezenarro eta Zarauzko Udaleko ordezkari politikoak, besteak beste. Bisita gidatu bat egingo dute ekitaldi horretan. Alkateak zein Gogora institutuko zuzendariak herritarrak ekimenean parte hartzera animatu dituzte, "bisitari modura, hitzaldietan entzule modura, euren iritzia ematera eta baita euren testigantza grabatzera edota idatziz uztera". “Gogoeta partekatuan parte hartzeko aukera paregabea” delako Ezenarroren hitzetan.

Hamar egunez egongo da zabalik, hilaren 13ra arte. Lanegunetan, 09:00etatik 20:00etara egongo da, eguerdian ordubeteko etenaldiarekin (15:00-16:00 bitartean), eta jaiegunetan, 10:00etatik 20:00etara. Gogora institutuko zuzendariak zein Xabier Txurruka alkateak herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte. “Bizikidetzaren alorrean lan handia dago egiteko, eta publikoki gure konpromisoa agertu nahiko nuke beste behin herri honen etorkizunerako eta herritarron elkarbizitzarako funtsezkoa den gaiaren inguruan hausnartu eta aurrerapausoak emateko. Itxaropentsu jardun behar dugu, aurrera egin behar dugu, atzean duguna ahaztu gabe, gogoratuz, eta noski, aztertuz. Elkarrekin aniztasunean, memoria anitz bat sortuz”, nabarmendu du alkateak.

Harrera ezin hobea”

Otsailetik hasita, sei herritan izan da orain arte Memoriaren Plaza: Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren zein Donostian. Ezenarrok adierazi du orain arte izan duen erantzuna "arrakastatsua" izan dela, eta "aurreikuspenik onenak" gainditu dituela. "Izan dira egunak 600 bisitaritik gora izan dituenak".

 "Biktimen testigantzek-eta badirudi erreparo apur bat eman behar dutela, baina horiek bete ez diren aurreiritziak dira”, aitortu du. “Entzuten da gaia ez dela jendearen interesantea, jendeak pasatu duela orria, eta egia da, aurrera egin behar dugulako. Baina horrek ez du esan nahi gizarteak ez duela interesik gertatu denaz gehiago jakiteko, gehien sufritu dutenen bizipenak ezagutzeko eta bertan sortzen diren elkarrizketetan parte hartzeko. Badago interes hori, eta guri dagokigu, instituzio gisa, espazio lasaiak sortzea gogoeta horietarako".

Harrera ikusita, helburua EAEko eskualde buru gehiagotan ere eskaintzea da. "Benetan sinisten dugu memoriaren eraikuntzan gizartearen parte hartzea beharrezkoa dela, hori da biderik egokiena". Horregatik, hobetsi dute erakusketa ibiltariekin jarraitzea; 2017an jarraipena ematea da asmoa.