Astelehenean hasiko dute aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 13a, 13:20
Jesus Arana eta Nekane Iribar, Ogasuneko eta Parte Hartzeko zinegotziak, hurrenez hurren. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Bost bilera egingo dituzte auzoka, 2017rako aurreikuspenak azaldu eta herritarren ekarpenak jasotzeko.

Azken urteetan bezala, Udal Gobernuak parte hartze prozesua antolatu du 2017ko aurrekontuak herritarrekin osatzeko. Bileretan, alde batetik, aurtengo jarduna nola doan azalduko dute, eta bestetik, 2017rako aurreikuspenak jakinaraziko dituzte. Hurrengo urterako asmoei dagokionez, Udal Gobernuak 2015-2019 Agintaldirako Plana izango dute oinarri; bertan jasota dituzte datorren urterako proiektu garrantzitsuenak.

"Garrantzia handia ematen diogu udalaren jarduna garbi azaltzeari, gardentasunez", nabarmendu du Nekane Iribar Parte Hartze zinegotziak. Hala, "gertutik" eta "modu ulergarrian" emango diete udalaren informazioa zarauztarrei, Jesus Arana Ogasun zinegotziaren arabera. Hori guztia azaldu ondoren, herritarren euren beharrak eta ekarpenak jasoko dituzte. Helburua "bide orria herritarrekin partekatu eta osatzea delako", Iribarren esanetan.

Dagoeneko bildu dira udal langile eta sailetako buruekin, eta astelehenean helaraziko diete udaleko gainontzeko alderdi politikoei Udal Gobernuaren proposamena. Astelehenean bertan hasiko dira baita ere herritarrekin bilerak egiten. Bost izango dira guztira. Lehenbizikoa, Alde Zaharreko eta Vista Alegreko bizilagunekin egingo dute, udalbatzar aretoan.

Asteartean, berriz, Mendilauta eta Iñurritzakoen txanda izango da; Iñurritzako elkartean bilduko dira. Asteazkenean, landa eremukoekin bilduko dira udal ordezkariak, Urtetako auzo elkartean; ostegunean, Zelai-Ondo, Mitxelena eta Itxasmendikoekin, kiroldegian, eta ostiralean Azken Portu Goiko, Azken Portuko eta Aritzbataldeko auzotarrekin, kristau biltokian. Bilera guztiak 19:00etan hasiko dituzte, Urtetakoa izan ezik; hori 20:00etan izango da.

Bilerez gain, postontziak ere jarriko dituzte herritarren proposamenak jasotzeko, ondoko lekuetan: udaletxe inguruan, Etxezabalan, Iñurritzan, kiroldegian, kristau biltokian, udal euskaltegi inguruan eta Vista Alegren. Orri batean idatzita utzi beharko dira proposamenak postontzian, edota horretarako propio sortutako formularioetan. Horiek kiroldegian, HAZen eta Sanz Enean daude eskuragarri. Halaber, aurrekontua@zarautz.eus helbidera ere idatzi daiteke iradokizunak egiteko.

2017an jarraipena

Aranaren esanetan, udal baten urteroko ekimen garrantzitsuenetariko bat dira aurrekontuak, ordenantza fiskalekin batera. Horregatik, "ezinbestekotzat" jo dute herritarrekin lantzea, "gertutasunak bere fruituak ematen dituelako". Ogasun zinegotziaren arabera, horren isla da Auzoz auzo ekimena ere. Auzo elkarteetatik jasotako ekarpenekin auzo bakoitza txukuntzeko 800.000 euro bideratu ditu udalak aurten, eta 2017an ere jarraipena ematea erabaki dute.

Orain Azken Portun ari dira lanak egiten, eta hori amaitzean, berriz ere auzoz auzoko itzuliarekin hasieratik hasiko direla jakinarazi dute.