Adin guztietako herritarrentzat

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 14a, 08:00

Larunbaterako, Kuadrilla Egunerako egitarau zabala antolatu dute aurten ere herri hainbat taldek, Gaztedia sailaren babesarekin. Hiru gune izango dira adinaren arabera.

Iaz Kuadrilla Eguna bere sorlekura bueltatzea erabaki zuten: Musika plazara. Hura izan zen festa gune nagusia, baina ez bakarra. Aurten ere errepikatu egingo dute esperientzia. Oraingoan, ordea, hiru gune atonduko dituzte: bata Salbide eta Frontoi Txikiaren inguruan, haurrentzat (9-12 urte bitartekoentzat); bestea, Lege Zaharren enparantzan nerabeei zuzenduta (12-17 urte bitartekoei) eta azken bat, berriz, gazteentzat (18 urtetik gorakoentzat), Musika plazan bertan. Adin guztietako herritarrentzat izango dira ekitaldiak larunbatean, «Kuadrilla Eguna guztiona» delako. Horregatik, goizean zein arratsaldean, ekintza ugari izango dira adin ezberdinetako herritarrei zuzenduta.

Gauean, berriz, guztiak Musika plazan bilduko dira; bertan izango da erromeria, Luhartz taldearekin. Gero, 04:30a arte luzatuko da jai giroa. Jon Andoni Urdangarin Urrutia Gaztedi zinegotziak zarauztar guztiak gonbidatu ditu ekitaldiotan parte hartzera: "Jaiarekin gozatzeko eskatu nahi diet herritarrei eta arduraz eta errespetuz jokatzeko".

Erlazionatuak