Jexuxmai Lopetegik 'Itzal zaunka' disko-liburua aurkeztuko du ostegunean

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 26a, 18:00

Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Harkaitz Cano (Ander Gillenea)

Harkaitz Cano idazlearekin eta Antton Olariaga marrazkilariarekin elkarlanean osatu du proiektua.

Hirukoak Elkar argitaletxearen eskutik argitara emango du lana, eta bihar (urriaren 27an) aurkeztuko dute Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean, 11:00etan.

Ipuin grafiko batek eta hamaika kantuk osatzen dute Itzal zaunka disko-liburu ilustratua. Elkar argitaletxearen laburpenaren arabera, "txakur baten hausnarketek izatearen oinarrizko zalantza eta galderetara eramango dute irakurlea, bidaia zirraragarri baten barrena. Izan ere, lauzango existentzialista honen ahotsa ez da edozein bizangorenaren oso ezberdina. Txakurrak berak esana da: Je suis un chien existentialiste".

Mikel Laboa Katedrak lagunduriko proiektua da honakoa, eta duela ia urtebete, abenduaren 10ean, aurreapen bat eskaini zuten zuzenean San Telmo Museoan. Aipatu hiru egileekin batera, Satxa Soriazu piano-jotzailea eta Julen Izarra saxo-jotzailea aritu ziren orduan.
 
Lopetegiren webgunean entzun daiteke disko-liburuan jasotako Dantzari bakartia abestia.
 
'Itzal Zaunka' lanaren azala.