Herri galdeketa

Zarahitzek helduko dio herri galdeketari, zarauztarrei "hitza emateko" asmoz

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 26a, 20:51
Zarahitz herri ekimenaren aurkezpena (Aritz Mutiozabal).

Gaur arratsaldean aurkeztu dute herri ekimena, Merkatu plazan, hainbat herritarren eta eragileren babesarekin.

"Hautetsontzi bana eman ziguten, eta guri dagokigu orain gure herrietan hautetsontziak biderkatzea, milaka herritarrek hitza hartu eta erabaki dezaten". Zarautzek, Urola Kostako beste zenbait herrirekin batera, udaberrian herri galdeketa egiteko lekukoa jaso zuen pasa den astean azpeitiarren eskutik. Lekukoa hartu eta ekin dio bideari. Gaur arratsaldean Zarahitz herri ekimena aurkeztu dute Merkatu plazako lehen solairuan, esparru askotariko herritarren eta eragileen babesarekin.

Xabier Euzkitze eta Araitz Urtiaga arduratu dira ekimenaren nondik norakoak azaltzen. Azken urteotan, Gure Esku Dago herri ekimena aritu da erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko lanean, eta "egindako lan hori guztia eskertzeko modurik onena, orain, herri galdeketaren olatura igotzeko garaia heldu denean, lekukoa hartzea eta Zarautzen erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera eta ilusioa zabaltzea da".

Horri guztiari bide emateko sortu dute Zarahitz, eta ondorengo abiapuntuarekin ekiteko asmoa dute: “Erabakitzeko eskubidea guztion topalekua da. Subiranotasun edo nazio eskubideen inguruko auziak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte hartzean sakonduz bideratu behar dira, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, erabakiak herritarron borondatean eta nahieran oinarrituz”.

Herritarren hitza

Zarauztarrei "hitza ematea" da herri ekimenaren helburua, eta horretarako estatus politikoari buruzko galdera zehatza egingo dute 2017ko udaberrian. Herri galdeketara heltzeko "lan asko" dagoela egiteko nabarmendu dute.: sinadurak bildu galdeketa egin ahal izateko, herritarrak sentsibilizatu, ekitaldiak antolatu, dirua bildu, galdera adostu, eguna zehaztu, parte-hartzea bermatu eta begiraleak ekarri, besteak beste.

"Herritarrei hitza ematea denez demokraziaren oinarria, zarauztarri galdera zehatza egiteko konpromisoa hartzen dugu. Zarauztarra baldin bazara, hemendik aurrera, zure hitza izango da gure erabakia". Hitz horrek hautetsontzietan isla izan dezan, hurrengo hilabeteotan lanean ariko dira, baina bidelagun asko beharko dituztela aditzera eman dute; hainbat lan-talde eta batez ere herritarren eta herriko eragileen babesa.

Zarahitz herri ekimenak webgune propioa sortu du emango dituen pausoen berri emateko.

Erlazionatuak