Hilaren 26an ospatuko dute Flashback ekimena

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 17a, 19:13

Gipuzkoako adinekoak eta gazteak biltzea du helburu, eta horretarako "egun pasa eder bat" antolatu dute.

Maiatzerako antolatu bazuten ere, eguraldi txarragatik atzeratu egin behar izan zuen. Orain, "iritsi da eguna": hilaren 26ean, datorren larunbatean ospatuko dute Zarautzen Flashback ekimena. Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikasle talde batek osatutako Loadinn irabazi asmorik gabeko enpresak antolatu du, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuen babesarekin. Horren helburua Gipuzkoako gazteak eta adinekoak bildu eta euren arteko harremanak bultzatzea da.

Horretarako "egun pasa eder bat" antolatu dute Zarautzen. "Aukera polita da Zarautz horrelako ekimen baten erreferente bihurtzeko", nabarmendu du Miren Letamendia Hirugarren Adinekoen zinegotziak. Hori antolatzeko, Zarauzko Hirugarren Adinekoen Mahaia osatzen duten talde guztiekin bildu dira, eta "haien gustuetara eta eskaeretara moldatutako" eguna prestatu dute. Hala, goizean, Gipuzkoako herri ezberdinetatik etorritako parte-hartzaileek bisita gidatu bat egingo dute udalerrian zehar, eta ondoren, Aritzbatalde kiroldegian hainbat ekintzatan hartuko dute parte. Tartean, ordu librea ere izango dute, herria eta bertako merkataritza zein ostalaritza ezagutu ahal izateko. "Ekimena aberasgarria iruditzen zaigu, eta ostalariek zein merkatariek ere antzemango dute 300 bat pertsona ibiliko direla kaleetan barrena", dio Letamendiak.

Loadinn enpresako ordezkari Uxue Barrenetxeak azaldu duenez, orain arte Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Errenteria, Aretxabaleta, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Zarauzko 220 pertsonak eman dute izena ekimenean parte hartzeko. Plaza gutxi batzuk geratzen dira, baina interesa dutenek oraindik ere badute aukera horretarako. Iñurritza zein Udaberri elkarteetara jo daiteke izena ematera, azaroaren 22ra bitartean. Zarauztarrak animatu dituzte parte-hartzera; herritarrentzat prezioa jaitsi dute, gainera: 23 euro ordaindu beharko dituzte bertakoek.

EGITARAUA

- 10:40. Iritsiera eta bisita gidatuaren hasiera. San Pelaio-Karlos Argiñano jatetxea-itsas pasealekua-Narros- Torre Luzea- Frantziskotarren eliza- Portuetxe- Santa Marina ermita.

- 12:15. Ongi etorria, Musika plazan.

- Ondoren. Herriko taberna eta dendetan ibiltzeko denbora librea. Trikitilari eta musikari gazteek girotuko dute.

- 14:00. Aritzbatalde kiroldegira iritsiera, Udaberri abesbatzak girotuta.

- Ondoren. Euskal parrillada bazkaltzeko. 

- 16:00. Kantak.

- 17:00. Dantzaldia.

- 18:00-18:30. Agurra.

Erlazionatuak