Taula gainera nola eraman aztertzen eta prestatzen

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 23a, 10:00

Mikel Laboa Katedra jaso zuen Itzal zaunka proiektuak, eta horren harira, aurre-emanaldi bat eskaini zuten duela urtebete Donostiako San Telmo museoan. Orain, disko-liburua argitara eman dutela, zuzenera nola eraman aztertzen eta prestatzen ari direla adierazi du Jexuxmai Lopetegi musikari zarauztarrak. Estreinaldia martxoaren 17an izango dela aurreratu du, Bilboko Rekalde aretoan.

Orain, ikuskizuna atontzeko prozesuan sartuta dabiltza buru-belarri. «Batetik, entseatzen ari gara zuzenekoa, eta, bestetik, irudi bilduma osatzen ari gara. Ez da talde baten ohiko emanaldia izango. Ez dakigu taldea non kokatuko den ere. Baina atzealdean pantaila bat joango da, hori ziur», dio Lopetegik. Ordubeteko saio bat ondu nahi dute, eta musika nahiz irudiez gain, off ahotsak eta antzerkiko ukituak ere eman nahi dizkietela jakitera eman du.

Datorren astean, abenduaren 3an, Durangoko Azokan izango dira,  Ahotsenea espazioan, disko-liburua aurkezteko solasaldian; 12:30etik 13:00etara izango da saioa.