«Talde lana da gure indargune nagusia, bai erasoan bai defentsan»

Aritz Mutiozabal 2016ko abe. 2a, 10:00
Ulacia Grupoko entrenatzaile Goar Artetxe (Aritz Mutiozabal).


Goar Artetxek lehen urtea du Zarautzen, eta lehen urtea senior mailako saskibaloi talde bat zuzentzen. Jarduneko hiru hilabeteak «master azeleratu bat» izaten ari direla aitortu du.

Okerreko dinamikan sartu da Zarauzko Saskibaloi Taldeko gizonezkoen lehen taldea. Jarraian lau porrot jasan baditu ere, bolada ezkorrarekin lehenbailehen amaitu nahi du Goar Artetxe (Anoeta, 1977) entrenatzaileak, EBA mailari «larritasunik gabe» eusteko.

Hasiera ona eman zenioten ligari, baina azken lau partidak galdu egin dituzue. Zer gertatu da?
Denboraldiko egitaraua kaleratu zenean, ikusi genuen lehenengo jardunaldiak oso aproposak zirela garaipenak lortzeko, eta denboraldiaurrean lana gogor egin genuen liga topera hasteko. Lehen lau partiden ondoren, talde indartsuen aurka jokatu dugu, baina azken bietan partidan sartuta egon gara, eta, une jakin batzuetan gure maila eman ez dugunez, porrotak jaso ditugu.

Azken partidetako joera ikusita, zurrunbilo ezkor batean murgiltzeko beldur al zarete?
Aurreko igandeko porrotak min handia egin zigun. Santurtzi aurkari oso gogorra da, eta ligako defentsa hoberena du, baina ez dira gu baino gehiago. Gainera, etxean jokatzen genuenez, partida aurrera ateratzeko itxaropena geneukan, baina ez zen hala izan. Taldeak argi dauka maila mantetzea dela helburua, eta ahal bada iazko larritasunik gabe ibiltzea. Laugarren porrota jarraian dinamika txar bat da, baina lehenbailehen buelta eman behar diogu.

Igande honetan Mondragon Unibertsitatea taldea izango duzue aurkaria. Nola ikusten duzu norgehiagoka?
Orain berriro etxean jokatuko dugu, eta horrek babes gehiago ematen dizu. Arrasateko taldea gurekin berdinduta dago sailkapenean... Azkenean, 14 talde gara ligan: lauzpabost talde dira oso indartsuak, eta gainerako guztiak nahiko parekatsuak ga­ra. Beraz, gehienok borroka berean arituko gara. Arrasateren aurka etxean jokatuta, irabazi beharreko partida izan behar du bai ala bai. Eta, bide batez, bolada txar honekin amaitzeko.

Aurreko denboraldian azken partidan lortu zuen taldeak EBA mailan mantentzea.
Azken partida asko egon ziren, egia esan. Bost partida irabazi behar ziren mailari eusteko, etabat galduz gero, aukerarik gabe geratzen zen taldea. Azken jardunaldira aukerarekin iritsi zen, eta azken segundoan lortutako saskiratze bati esker lortu zen helburua. Laburbilduz, azken sei partidetatik bost irabazi zituen, azken laurak jarraian. Denboraldi bukaera oso ona izan zen. Taldea gutxi gorabehera mantendu egin da, eta aurreko denboraldi bukaerako dinamika onari jarraipena emateko helburuarekin hasi genuen berria. Liga oso ongi hasi genuen, nahiz eta orain ez garen asmatzen ari.

Etxeko lanak lehenbailehen egitea izango da gakoa?
Helburua maila mantentzea da, eta larritasunik pasatu gabe. Baina argi dugu ez daukagula beste elkarteek daukaten indar ekonomikoa, fitxaketak-eta egiteko, eta herriko talde bat garela, harrobiko lana egiten duena. Argi dugu jende gaztea atera behar dugula. Aurten, jokalari beteranoen eta gazteen arteko uztarketarekin, EBA mailari eustea espero dugu.

Zeintzuk dira taldearen indarguneak?
Nire ustez talde orekatua da. Jokalari erreferenterik ez daukagu; hau da, ez daukagu partida guztietan 20 puntu lortzen dituen norbait. Gure indar nagusia taldea bera da. Egun batean jokalari batek partida oso ona jokatzen du, baina hori jakinda, hurrengo partidan aurkariek gehiago eusten diote, eta beste jokalari bat izaten da nabarmentzen dena. Talde lana da gure indargune nagusia, bai defentsan bai erasoan.

Eta hobetu beharreko ezaugarriren bat?
Askotan  jokalariek dena ematen dute kantxan, baina batzuetan deskonektatu egiten gara partidetatik, erabaki txarren eraginez. Agian, epaileek erabaki on bat hartzen ez badute edo nahasten baldin badira, ikusten dut egoera horietarako ez gaudela prestatuta. Iruditzen zait hobeto kudeatu behar ditugula besteek hartutako erabakiak, baina baita guk geuk hartzen ditugunak ere. Izan ere, aurkariek laurden on bat egiten badute, ezin dugu animoa galdu. Kanpoko faktoreek gehiegi eragiten digute, eta erregulartasun gehiago izan behar dugu.

Lehen urtea duzu Zarautzen, eta lehen urtea entrenatzaile gisa. Nola etorri da aukera hau?
Lehen urtea dut senior mailako entrenatzaile gisa, nahiz eta formazioko taldeetan urte dezente eman dudan entrenatzen. Orain arte Tolosako jokalaria izan naiz, baina joan den denboraldian bukatutzat eman nuen nire ibilbidea. Duela 15 urte ZASTeko kide Dan Lertxundi ezagutu nuen: lau urtez Azpeitiko Iraurgi taldean jokatu nuen, eta urtebetez bera izan nuen entrenatzaile. Duela bi urte apustu egin nuen saskibaloiagatik, eta jokalari izateari utzi nionean Dan nirekin jarri zen harremanetan. Niretzako sekulako aukera izan da Zarautzen eman didatena, nire entrenatzaile bidean pauso bat aurrera emateko.

Zarautz aurkari izan dut urte askoan, eta denboraldi hasieran pixka bat arraroa egin zitzaidan. Saskibaloi munduan gabiltzanok elkar ezagutzen dugu, baina hasieran kostatu egin zitzaidan gertutasun hori lortzea jokalariekin. Baina segituan barneratu nintzen, eta oso pozik nago. Baina normala da, ia nire ibilbide osoa Tolosan egin baitut, eta  klub berri batera etortzea beti da ezberdina.

Eta, aurten, Tolosa aurkari...
Ligako lehen partidan neurtu genituen indarrak. Oso berezia eta tentsio handikoa izan zen. Maiatzean jokatu nuen azken partida haiekin jokalari bezala, eta omenaldia ere egin zidaten. Beraz, entrenatzaile bezala Tolosan hastea, beraien aurka jokatuz, film bateko gidoia zirudien. Barneratzeko denbora nuela uste nuen, baina partida aurreko astea tentsio handiarekin pasatu nuen, eta ez nuen lo askorik egin.

Nola izan da egokitzapena?
Lehen urtea senior mailan entrenatzen, eta lehen urtea etxetik kanpo. Hiru hilabete hauek master azeleratu bat izaten ari da, liga honek arreta handia eskatzen baitu: bideoak prestatu, aurkarien informazioa une oro eduki, zure taldea nola entrenatzen ari den...  Azken finean, taldeari etekin gehien ateratzeko.

Entrenatzaile gisa, zer-nolako joko mota gustatzen zaizu?
Entrenatzaile bakoitzak bere gustuko jokatzeko erak ditu, baina ezinbestekoa iruditzen zait jokamolde horiek dituzun jokalarien arabera egokitzea. Azkenean, beraiek baitira jokatzen dutenak. Gure lana da haiei tresnak ematea, ahalik eta joko onena egin dezaten. Guztioi gustatzen zaigu puntu asko lortzea, jokalariek gozatzea, defentsa eraginkorrena izatea... Gainera, guk aurkariak aztertzen ditugun bezala, haiek ere aztertzen gaituzte gu, eta batzuetan hobeto ateratzen dira gauzak eta besteetan ez. Egunero jarraitzen da ikasten.