'Donostia dantzan' TikTararekin

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 11a, 11:05

Datorren igandean, hiriburua dantzan jarriko du Zarauzko taldeak, Donostia 2016 Kultura Hiriburutzaren barruan.

Zarauzko TikTara taldeak proiektu berria du esku artean: Donostia dantzan. Hala definitu du taldeak ekitaldia: "Musika eta dantzaren bat-egitea, hizkuntza unibertsalen arteko elkarrizketa, elkartzen gaituenaren ospakizuna". Abenduaren 18an, gaur zortzi, hiriburua dantzan jarriko dute. Taldea eskenatoki mugikor baten gainean jarrita, abestiak jotzen joango da Kursaal jauregitik hasi eta Loiola kalera bitartean. Hainbat geldialdi egingo dituzte, eta bakoitzean abesti bana joko dute.

Erronka honakoa da: bertaratzen direnek koreografia jakin batzuk egin beharko dituzte TikTararen erritmora. Kursaalean dantza klasikoa, Bretxa parean saltsa, Gipuzkoa plazan orientala eta Askatasunaren hiribidean funkya. Loiola kalean, berriz, amaierako geldialdia izanik, parte-hartzaile bakoitzak nahi duen estiloan dantzatu ahalko du. "Estilo ezberdineko dantzek kolore guztietako abestietan duten eragina zuk zeuk sentitu ahalko duzu", nabarmendu dute.

Taldearen sare sozialetan nahiz webgunean daude ikusgai geldialdi bakoitzerako prestatu dituzten koreografiak. Horiek ikasi eta hilaren 18an Donostiara dantzara joateko deia egin diete herritarrei.