Urtarrilean hasiko dira Santa Klarako azpiko pasabideko obrekin

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 13a, 18:06
Arantxa Tapia, Antonio Aiz eta Xabier Txurruka, Santa Klarako pasabidean.

Obrek 18 hilabete iraungo dute.

Gaur arratsaldean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak zein Xabier Txurruka Zarauzko alkateak agerraldia egin dute Santa Klarako azpiko pasabidearen inguruko nondik norakoak azaltzeko. Hain zuzen, gune horretan eman dituzte azalpenak. Txurrukak adierazi du egun "pozgarria" dela gaurkoa; izan ere, obren esleipena egin dela jakinarazi dute eta baita lanekin hasteko data ere. Zehazki, urtarrilean hasiko direla iragarri dute eta 18 hilabete iraungo dituela obrak.

1,6 milioi euroko aurrekontua izango du eta Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain. Udalak, bere aldetik, gaur sinatu du Santa Klarako mojekin akordioa. Horren bidez, klaratarrek 199 metro koadroko saila eman diote udalari, azpiko pasabidea egin ahal izateko. Erakundeak, trukean, komentuko irisgarritasuna bermatzeko obrak egin ditu.

Alvaro Moral obrako teknikari zuzendariak adierazi duenez, "obra adierazgarria" izango da. Ormigoi armatuzko kaxoi bat egingo da, eta San Frantzisko zein Santa Klara kaleen egungo kotaren eta kaxoiaren beheko kotaren artean sortzen den maila aldaketa gainditzeko aldapa zein eskailerak egingo dituzte.

Beste aldera, San Frantzisko kaleko sarbidetik bi eskailera tarte eraikiko dituzte, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara jo ahal izateko.