Giro aparta San Tomas azokan

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 17a, 13:45

Hainbat berrikuntza izan ditu AEK-k antolatutako Santo Tomas azokak. Artisau eta baserritarren posturik ez da izan aurten, baina Mintzodromoa antolatu dute, euskara-ikasleek hizkuntza praktikatzeko aukera izateko. Ohi bezala, talo postua eta barra jarri dute, eta herritar dezente gerturatu da Lege Zaharren enparantzara; haurrentzako jolasak ere izan dira.

Zarahitz herri ekimeneko kideak arduratu dira taloak egin eta saltzeaz, eta herri galdeketarako sinadurak biltzen ere aritu dira. Korrika 20ko postua ere jarri dute plazan.

Bestalde, urtero bezala, txistorra lehiaketa egin dute, eta Etor harategiak aurkeztutakoa izan da garaile. Azokako bi otarren zozketako zenbaki irabazleak ondorengoak izan dira: 1. saria, 782 eta 2. saria, 1153.