Martxoaren 8ko kartel lehiaketa antolatu dute

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 10a, 10:00
2016ko kartel irabazlearekin egin dute lehiaketaren iragarpena.

Bi sari banatuko dituzte, epaimahaiarena eta publikoarena. Urtarrilaren 23an amaituko da lanak aurkezteko epea.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko IX. Kartel Lehiaketa antolatu du udaleko Parekidetasun Departamentuak. Ikuspegia edozien izanda ere, kartelen gaiak zerikusia izango du martxoaren 8arekin, eta ezinbestean ondorengo testua eraman beharko du: 2017 martxoaren 8a - Emakumen Nazioarteko Eguna.

Ordenagailuz eginiko lana aurkeztu beharko dira, posta elektroniko bidez, berdintasuna @euskara.eus helbidera. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 23ko 14:00etan amaituko da. Leihaketaren oinarriak Parekidetasun Departamentuaren blogetik deskargatu daitezke, edo bulegoan eskatu (Zigordia kalea, 33 - 943-00 51 17).

Bi sari banatuko dituzte: batetik, epaimahaiak emandako 400 euroko saria; eta bestetik, jendearen botoen bidez egokitutako 200 euroko saria. Hain justu ere, lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean, 15 hautatuko ditu epaimahaiak, eta horiek izango dira boto bidezko saria lortzeko aukera izango dutenak. Parekidetasun Departamentuak otsailaren 6an jarriko ditu kartelak facebook atarian, eta otsailaren 15eko 09:00 arte eman ahalko da bozka.