Jendetza elkartu da Urtetan, herri kirol jaialdiaz gozatzeko

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 22a, 13:43

San Sebastian jaien barruan, jendetza bildu da gaur eguerdian auzoan. Eliz-Mendi elkartean hamaiketakoaz gozatu ondotren, herri kirol jaialdia egin dute auzoko frontoian. Aurrez aurre aritu dira Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-ren harri-jasotzaile eskolakoak eta Joseba Ostolazaren eskolakoak.

Bi minutuko denbora tartean, ondorengo harriekin aritu dira binaka: 125 kiloko zilindroa, 113 kiloko kubikoa, 150 kiloko errektangularra eta 100 kiloko bolarekin. Elene Ostolazak, Iraitz Arrutik eta Jakes Iruretagoiena gaztetxoek ere erakustaldia eskaini dute. Era berean, sokatira lehia izan da auzoko neska-mutilen eta ezkonduen artean.

Goizean zehar, gainera, Aratz Olaizola eta Maria Lasa trikitilariak giroa alaiu dute. Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Elustondo anai-arrebekin izango da erromeria auzo elkartean.