TAO zerbitzuaren ordenantza berria onartu du udalak

Zarauzko hitza 2017ko urt. 27a, 13:04

Hainbat aldaketa egingo dituzte TAO zerbitzuan. Aurrerantzean, Alde Zaharrean urte osoan zehar ezarriko dute TAO sistema, eta ordutegia zabaldu egingo dute. Orain arte eguerdian etenaldia izaten zuen TAO zerbitzuak, baina ordenantza berriarekin astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 13:00etara egongo da martxan.

TAO zerbitzuaren ordenantza berria onartu zuen atzo Zarauzko Udalbatzak, EAJ eta PSE-EEren babesarekin eta EH Bilduren zein Irabaziren aurkako botoekin.

Gaur aurkeztu dute ordenantza berria Ogasun zinegotzi Jesus Aranak eta Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk, eta azaldu dute TAO ordenantza berriak hainbat aldaketa izango dituela aurreko araudiarekin alderatuta. "TAO zerbitzu egokia eta erraza bermatzea izan da gure helburua".

Hurrengoak dira aldaketak.

- Aurrerantzean udako denboraldia ekainaren 1etik irailaren 30era izango da. Orain arte, ekainaren 15etik iraialaren 15era izaten zen.

- 1. gunean, Alde Zaharrean, urte guztian zehar egongo da TAO zerbitzua martxan. Horregatik, udaldiko txartela zena (Zarauzten bigarren etxean zutenen edo herrian errentan zeudenen eskura zegoena), urte guztiko txartela bihurtuko da.

- Orain arte eguerdian etenaldia izaten zuen TAO zerbitzuak, baina aurrerantzean TAO gune arrunta astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara egongo da martxan, eta larunbatetan 09:00etatik 13:00etara. Dena dela, 13:00etatik 16:30era bitartean, ibilgailuaren zirkulazio baimena Zarautzen ordaintzen dutenek doan aparkatu ahal izango dute TAO gune arruntean. Horretarako txartela atera beharko dute makinan. "Makinak Zarauzko ibilgailuen matrikulak gordeak ditu, eta horiek ez dute ordaindu beharko eguerdian aparkatzeagatik", adierazi du Jesus Aranak

- Foruen kalea errotazio gune berezia bihurtuko da, eta gehienez 15 minitu utzi ahal izango da kotxea bertan. Alde Zaharreko DIA saltokiaren aurreko aparkalekua orain arte errotazio handiko gunea izan da, baina aurrerantzean aparkalekuaren erdia errotazio handiko gunea izango da, eta beste erdia TAO gune arrunta.

- Hegoalde gunean (Mitxelena eta Araba kaleen, Suhiltzaileen egoitzaren eta Maxi Eroski saltokiaren artean dagoen eremuan), gune publikoetan TAO  sistema ezarriko dute.

Udaleko zinegotziek gogorarazi dute, motorrek eta bizikletek ezin dutela aparkatu TAO gune arruntean, bestela isuna jasoko dutela.

Alegaziorik egongo ez balitz martxoa inguruan jarriko dute TAO zerbitzuaren ordenantza berria martxan.

Martxoan jasoko dute herritarrek TAO biñeta eskuratu ahal izateko eskaera-orria etxean. Hori bete eta 15 eguneko epea izango dute ordainketa egiteko. "Udaldiko txartela urte guztikoa izango denez, horiek ere martxoan egin beharko dute eskaria, eta eskaera-orriarekin batera ordainketa agiria entregatu beharko dute udaletxean". Egoiliarren txartela 30 euro kostako da, eta lehen udaldiko txartela zena 45 euro.

Aparkaleku defizita
Jesus Aranak eta Maite Garrastazuk azaldu dute, "aparkaleku defizit handia" dagoela Zarautzen. "10.000 kotxe inguru daude herrian erroldatuta, eta 5.500 aparkaleku ditugu. Horregatik, TAO txartelari uko egin eta beren kotxea garajean uzten dutenek hobariak izango dituzte trakzio mekanikodun zergan". Neurri hau 2018tik aurrera martxan jartzea aurrikusten du Zarauzko Udalak.