493 zarauztarrek eman dute izena Aldapetako 30 etxebizitza tasatuen zozketarako

Zarauzko hitza 2017ko urt. 28a, 09:30
Aldapetako etxebizitzen maketa Etxezabalako erakusleihoan dago ikusgai. (Zarauzko Udala)

Aldapetako obrak udazkenean hastea eta etxebizitzak 2019an jabeei entregatzea aurrikusten du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak.

Vista Alegre auzoaren eta Santa Ana egoitzaren artean egingo diren Aldapetako etxebizitza tasatuetan izena emateko epea zabalik egon da urtarrilaren 9tik 23ra bitartean. 30 etxebizitza egingo dituzte, eta 493 herritarrek eman dute izena zozketan parte hartzeko. "Argi geratu da zarauztarrak momentu horren zain zeudela. Oso pozik gaude promozioak benetako interesa sortu duelako herritarren artean, eta Eusko Jaurlaritzari oso eskertuta gaude orain arte egindako lanagatik", azaldu du Xabier Txurruka alkateak.

Izena emandakoen zerrenda erroldan baieztatu, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko Lurralde Ordezkaritzara bidalitakoan, zozketan parte hartuko duten herritarren zerrenda argitaratuko dute Etxebideren webgunean. Zarautz-Lurren bulegoan ere eskuragarri izango da. Zerrenda aztertu eta behin betiko zerrenda dutenean, zozketarako deialdia egingo dute.

Aldapetako obrak udazkenean hastea eta etxebizitzak 2019an jabeei entregatzea aurrikusten du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak.

Etxebizitza tasatuez gain, alokairura bideratuko diren 20 etxebizitza ere egingo ditu Aldapetan Zarauzko Udalak. Horiek esleitzeko zozketa obra bukatuta dagoenean egingo dute.

Aldapetako proiektuak Vista Alegre auzoko irisgarritasuna hobetzeko ere balioko duela nabarmendu dute udaletik. "Bi igogailu eraikiko dira; bata San Inazio kaletik etxebizitza berriak eraikiko diren plazara, eta bestea plaza horretatik Vista Alegre auzora". Txurrukak gogoratu du, Vista Alegreko irisgarritasuna hobetzea auzotarrek aspalditik egiten duten eskaera dela. Igogailuekin, "bizilagunen egoera asko hobetuko da, egun igo eta jaitsi behar duten malda ekiditeko aukera izango dute-eta".

Herritarrek benetako interesa

Aldapetako proiektua 2016-2019 Etxebizitza Planaren barruan garatu dutela nabarmendu du Zarauzko alkateak. Plan horrek "zarauztarrei gure herrian etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri batez gozatzeko erreztasunak ematea du helburu".

Alkateak jakin badaki, Zarautzen "etxebizitza librearen prezioa oso altua" dela, eta "Aldapetako etxebizitzen prezioak oso interesgarriak iruditu zaizkie eskatzaileei. Zarautzek hamabost urte daramatza etxebizitza babesturik sustatu gabe, horregatik Aldapeta eta Salberdin proiektuak agintaldi honetako lehentasunetako bi dira. Bi proeiktua aurrera eramateko gogor ari gara lanean", nabarmendu du Txurrukak.

Erlazionatuak

Irudietan: Aldapetako proiektua

Zarauzko Hitza 2017 urt 10 Zarautz

Aldapeta: datu orokorrak

Zarauzko Hitza 2017 urt 10 Zarautz