Transformadore berria jarriko dute Alde Zaharreko hornidura arazoak konpontzeko

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 5a, 12:00

Asteartean hasiko dira lanekin eta martxora arte luzatuko dira.

Zarauzko Udalak eta Iberdrola enpresa akordio batera heldu dira Alde Zaharrean transformazio zentro berria ezartzeko. Jakinarazi dutenez, erdigunean elektrizitate hornidura arazoak izaten dira, eta transformadore berriarekin irtenbidea eman nahi zaio arazoari. Frontoi Txiki parean jarriko dute, San Frantzisko kalean, lurpean.

Asteartean hasiko dira obrekin, eta hilabete iraungo dute, martxora bitartean. San Frantzisko kalean zanga bat irekiko dute, Frontoi Txikitik Udaberri erretiratuen elkarte pareraino. Hori dela eta, trafikoa erregulatu beharko da, obrekin koordinatuz.

Iberdrolak berak hartuko du bere gain lanen kostu osoa. Horrez gain, obren eragina jasan den kalea asfaltatzeko konpromisoa hartu du. Obra horiekin "Alde Zaharreko bizilagunek noizbehinka pairatzen dituzten elektrizitate mozketez ahaztea eta argindar zerbitzua hobetzea" espero du Iban San Martin Obra Txiki eta Azpiegituretako zinegotziak.