Kiroldegiko langileen auzia

"Eskatzen dugunarekiko proposamen konkreturen bat dagoen unean kokatuko gara konponbidearen bidean"

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 7a, 14:59

Kiroldegiko langileak, ostegunean egin zuten bizikleta martxan. (Aritz Mutiozabal)

Udal Gobernuari erantzunez, kiroldegiko langileek lan baldintzen alde borrokatzen jarraituko dutela adierazi dute.

Zarauzko kiroldegiko langileek Zarauzko Udal Gobernuak atzo publiko egin zuen oharrari erantzun diote. Gogoratu dute iazko apirilean hasi zirela Udal Gobernuko ordezkariekin biltzen, eta haiek izan zirela euren etorkizuneko lan baldintzen inguruko "zalantzak piztu" zituztenak. "Hitzarmen estatala aplikatzeko aukera ere jarri zitzaigun mahai gainean noiz edo noiz", zehaztu dute. Hala, beharginen lan baldintzen inguruko "ziurgabetasun zantzuak" gobernukideek ezarri zituztela nabarmendu dute, "ez direla langileek eragindakoak".

Langileen lan balditzak pleguetan bermatzea udalaren "ardura" da, haien arabera: subrogazio taulak jasotzea eta baita zerbitzua esleitzean langileek izango duten hitzarmen kolektiboa zein izango den idatziz bermatzea ere. "Azken horri buruz ari gara gu denbora guztian: etorkizunean langileok izango dugun hitzarmen kolektiboari buruz, gure eskakizunak jasotzen dituen hitzarmena pleguan jasotzeari buruz. Nork erabakitzen ditu kontratazio plegu horren baldintza ekonomikoak? Nork du horren ardura? Ez enpresek, ezta sindikatuek ere; erabaki politikoei buruz ari gara eta, kasu honetan, EAJ eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernua da arduradun bakarra".

"Ekuazioa erraza" dela diote: "Plegu horren partida ekonomikoaren arabera izango dituzte langileek lan baldintza batzuk ala beste batzuk, eta borondate politiko horren arabera bermatuko dugu diru kopuru hori langile kolektiboarengana joatea ala enpresengana joatea, edo prekarietatea sustazen jarraitzea ala ez".

Lan baldintzak duintzen

Era berean, salatu dute langileek ez dutela jaso eurek idatzitako plataformari erantzuten dion proposamen formalik: "Udalak eginiko adierazpenetan, enpresetako ordezkariekin bildu eta hitzarmena jasotzeko prest daudela adierazi dute. Egoera berean jarraitzen dugula argi azaldu nahi dugu, ordea". Gogoratu dute lan baldintzen inguruko eskakizun formalen—aipatu plataforman jasoak— berri iazko uztailetik duela Zarauzko Udalak. "Kontratazio plegu horiek publikatzear dauden honetan eta langileon eskakizunen inguruko erantzun zehatzik ez dagoen honetan, gure lan baldintzen alde borrokatzen jarraituko dugula adierazi nahi dugu".

Hori guztia kontuan izanda, datorren ostegun eta ostiralerako, hilaren 16 eta 17rako bi lanuzte deitu dituzte. "Eskatzen dugunarekiko proposamen konkreturen bat dagoen momentuan kokatuko gara konponbidearen bidean, baina bitartean gure lan baldintzak duintzearen aldeko borrokan jarraituko dugu".