Irristaketa atala sortu dute Zarautz Kirol Elkartean

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 4a, 09:00

ZKE Irristaketa atalaren agerraldia (Aritz Mutiozabal).

Taldea ezagutzera emateko aurkezpen ekitaldia egingo dute apirilaren 1ean, Itxasmendiko pistan, 16:30etik 20:00etara.

Herrian irristaketa sustatzeko asmoz, kirol atal berria eratu dute Zarautz Kirol Elkartearen barruan. Irristaketa gustuko duen taldetxo baten ekimenez eman zituzten lehen urratsak iazko udan. Zarauztarren erantzuna zein zen aztertzeko, saioak antolatu zituzten bi asteburutan Zinema pilotalekuan. Guztira, 45 lagun inguru elkartu ziren, eta era guztietako proposamenak jaso zituzten irristaketaren inguruan; besteak beste, haurrekin bidegorrietara ateratzeko, familia giroko planak egiteko, kirol moduan praktikatzeko edota teknika hobetzeko.

"Zerbait serioa izateko itxura hartzen ari zenez, pentsatu genuen modurik egokiena elkarte edo talde bat osatzea zela. Hori horrela, Zarautz Kirol Elkartera jo genuen eta besoak zabalik hartu gintuzten", azaldu du ZKE Irristaketa ataleko kide Junkal Artolak. Urtarrilaren 24n egin zuten lehen bilera, eta otsailaren 14ko elkarteko batzordeak aho batez onartu zuen atal berria. ZKEko presidente Esteban Collantesek "oso gustura" daudela nabarmendu du:"Etorkizuna duen eta joko handia eman dezaken atala izan daitekeela uste dugu. Beraz, kirol eskaintza berria izango dugu aurrerantzean, eta 12 kirol atal izatera pasatuko gara".

Hainbat helburu

Irristaketa sustatzeko lanean, kirol talde berriak hainbat helburu zehaztu ditu. Irristaketak eskaintzen dituen modalitate ezberdinak ezagutzera emateko ekitaldiak antolatu nahi dituzte urtean zehar; besteak beste, Patin Eguna egin nahi dute uda aldean, patin-mekanika tailerra, hainbat klinik edo ikastaro espezifiko laburrak eta besteste klubekin topaketak.

Era berean, lasterketa ofizial eta herrikoietan parte hartzea sustatu nahi dute, eta horrekin batera, Zarautzen bertan probak antolatzea. Adibidez, Zarautz eta Getaria artean jokatzen zen Itxas Krosa berreskuratzekoak dira, eta datorren ekainean egin nahiko lukete. Horrez gain, Bikote Mistoen Krosean ere irristaketa proba txertatzeko ideia dute, eta eskola kirolean parte hartzeko asmoa.

Irristaketa eskola ere sortuko dute, eta patinetan ibiltzen hasi nahi duen edonori zuzeduta egongo da; talde ezberdinak osatuko lituzkete, norbere mailaren eta adinaren arabera. Bestalde, ZKEko beste atalekin eta beste kirol elkarteekin elkarlanean aritu nahiko lukete, unean uneko eskakizunei erantzuteko.

Instalazioen beharra

Gaur egun Zinema pilotalekuan egin ohi dituzte saioak. 40 lagun ari dira une honetan klaseak hartzen, Garikoitz Astarbe irakaslearen gidaritzapean: haurrak astelehenetan, 17:00etatik 18:00etara, eta helduak astelehenetan eta asteazkenetan, 18:00etatik 19:00etara."Haurrekin ibiltzeko nahikoa toki bada, baina helduentzako motz geratzen da. Teknika hobetzeko ongi dago, baina abiadura lantzeko ez", aditzera eman dute ZKE Irristaketa ataletik. Eguraldi onarekin Itxasmendiko pista egokia dela diote, baina "neguan eta euria egiten duenean ez digu balio. Kasu horietarako instalazio estalien beharra dugu".

Collantesek azpimarratu nahi izan du egun herriko kirol instalazioak gainezka daudela, baina "saiatuko gara, Itxasmendiko pistaz aparte, beste nonbait ordu batzuk egokitzen". Kirol elkartetik gaia landuko dute, "gainerako atalek bezala, irristaketakoek ere beren esapazioa izan dezaten".

Taldea ezagutzera emateko aurkezpen ekitaldia egingo dute apirilaren 1ean, Itxasmendiko pistan, 16:30etik 20:00etara; eguraldi txarrarekin Orokieta ikastetxean egingo lukete. Interesa duen orori irekita dago atal berria, eta beraiekin harremanetan jarri nahi dutenek zkeirristaketa@gmail.com helbidera idatzi dezake edo, bestela, ZKE Irristaketa Taldea facebook atariaren bitartez.