Herri galdeketa

"Olatu horri gure tantatxoa ematen saiatu gara"

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 25a, 13:42

Zarahitzeko kideak, Andoni Egaña bertsolariarekin eta Skasti taldeko Mikel Uzin eta Iker Iñigorekin (Aritz Mutiozabal)

Maiatzaren 7ko herri galdeketa girotze aldera, Zarahitz herri ekimenak abesti bat egin nahi izan du. Sortze lan horretarako, Skasti musika taldea eta Andoni Egaña batu dituzte, eta emaitzak Olatua badator! izena du. Aurreko asteburuan ospatu zueten Erabaki Jairen barruan entzuteko parada izan bazen ere, atzo arratsaldean aurkeztu zuten abestia eta, horri lotuta, bideoklipa ere bai.

"Ekarpen egiteko aukera eman zigutenez, olatu horri gure tantatxoa ematen saiatu gara, ahalik eta jende gehiagorengana iristeko eta hauek ere animatzeko", nabarmendu du Skasti taldeko kide Mikel Uzinek. Proposamena jaso zutenean ez zutela zalantzarik izan dio Iker Iñigo taldekideak: "Taldea abesti berriak sortzeko prozesu batean zegoen, eta une egoki batean etorri zitzaigunez, olatua aprobetxatu genuen. Hala, abesti bat eskaini diogu proiektu honi". Abesti alaia eta mezua ongi helaraziko zuena egiten saiatu direla azpimarratu dute.

Gainera, lehen aldia izan dute Andoni Egañaren hitzak musikatzeko aukera izan dutena. Elkarlana "esperientzia polita" izan dela azaldu dute Skastikoek. Egañak kontatu duenez, aurrena musika iritsi zitzaiola eta ondoren jarri zizkiola letrak: "Ez neukan tarte handiegirik; batetik, musika neukan eta bestetik, zer esana gutxi edo gehiago markatuta zegoen. Beraz, kezkatuta gehiago pasatu uen okupatuta baino". Bertsolariak onartu du beretzat ere "plazer bat" izan dela Skastiren lan egitea: "Ska musikarekin, eta, gainera, herrikoak eta auzokoak [Azken Portu] izanda, gozamena izan da".

Zarahitzeko kide Goizane Aranaren arabera, "ilusioa sortzeko garaia da, eta sortutako abestiak eta bideoklipak horretarako bide ematen du azken txanpa honetan". Bideoklipak Zarahitzek berak eta Gure Esku Dagok antolatutako ekitaldietako irudiak uztartzen ditu Zarauzko kostaldeko nahiz itsasoko irudiekin. Irudiok hainbat lagunenak dira, eta edizio lanaz Galder Gonzalez arduratu da.

 

Erlazionatuak