Merkatutik Zuretzat! ekimena abiatuko dute apirilaren 8an

Zarauzko hitza 2017ko mar. 31a, 13:10
Merkatutik Zuretzat! ekimenaren aurkezpenean parte hartu dute Mikel Eizagirrek, Jesus Aranak, Karlos Argiñanok, Josemi Larrañagak eta Iurre Peñagarikanok

Ekimena hilean behin egingo dute larunbatetan, eta Aiala Ostalaritza Eskolako ikasleek Merkatu Plazan erositako produktuekin pintxoak eta plater tradizionalak zuzenean prestatuko dituzte.

Zarauzko Merkatu Plaza indartzeko Merkatutik Zuretzat! proiektua martxan jarriko dute Zarauzko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urkomek. Apirilaren 8an egingo dute ekimenaren lehen jardunaldia, merkatu plazako lehen solairuan. Saioan bertako produktuak ezagutu, horiek nola prestatu daitezkeen ikasi eta platerak dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Ekimena hilean behin egingo dute larunbatetan, eta Aialako Ostalaritza Eskolako ikasleek bertan erositako produkuekin pintxoak eta plater tradizionalak zuzenean prestatuko dituzte. Ekitaldian zehar, zuzenean prestatu dituzten jakien errezetak banatuko dituzte. Gainera, bertako produktuekin osatutako otarra ere zozkatuko dute, eta zozketan parte hartzeko zenbaki txartelak Merkatu Plazan bertako produktuak erostean banatuko dituzte merkatari eta baserritarrek.

Ekimenarekin merkatu plaza bultzatuz, lehen sektorea indartu, bertako produktuak sustatu eta baserritarren lana plazaratu nahi dute. "Inguruko ekoizleen produktuak sustatu nahi ditugu sukaldaritzaren bidez. Izan ere, gaur egun euskal sukaldaritzak duen ospea lortu du, jakin izan duelako bertako produktuak erabiltzen", azaldu du Jesus Arana Sustapen Ekonomikorako zinegotziak agerraldian. Gainera, gogoratu du zarauztarrek "gertu eta erraz" eskuratu ditzaketeela bertako produktuak, beren etxean prestatu eta elikadura osasuntsua izateko.

Ekoizelak

Urola Kostako Landa Garapeneko Urkome elkarteko ordezkari Iurre Peñagarikanoren esanetan, oso ekimen interesgarria da, "garrantzitsua delako Merkatu plaza dinamizatzea eta herritarren artean bertako produktuen kontsumoa sustatzea". Ildo horretan, Gurmendi baserriko Mikel Eizagirre baserritar gazteak merkatu plazan erostera animatu ditu zarauztarrak, bertan saltzen diren produktuak "kalitatezkoak direlako eta jaten ditugun elikagaien jatorria ezagutzeko eta konfiantzan erosteko aukera ematen duelako Zarauzko Merkatu Plazak".

Konfiantzazko produktuak

Karlos Argiñano sukaldari eta Aiala Sukaldaritza Eskolako ordezkariak azaldu du, egunero egunero egiten dituela erosketak Merkatu Plazan, "konfiantza ematen" diolako. "Azoka da herriko tokirik politena eta munduko produkturik onenak prezio onenean" eskuratu daitezkeela esan du aurkezpenean. Show-cooking saioen bidez merkatuan erosten diren produktuak nola prestatu daitezkeen ikasteko aukera izango dela ere jakinarazi du.