Kiroldegiko langileen auzia

Kiroldegiko langileek eskerrak eman dizkiete prozesuan zehar babesa eman dieten guztiei

Zarauzko hitza 2017ko mar. 31a, 14:30
Kiroldegiko langileek agerraldia egin dute gaur. (Aiora LarraƱaga)

Langileek nabarmendu dute, herritarren babesak "borrokan jarraitzeko indarra" eman diela.

Hamabost greba egun egin ondoren, Aritzbatalde Kiroldegiko langileek Zarauzko Udalarekin akordioa lortu zuten asteazkenean, eta oso gustura dira "lan hitzarmen duina" lortu dutelako. "Hau garaipen bat da. Langileek merezi dituzten lan baldintzak lortu dituzte borroka egin dutelako. Antolatu egin dira, eta beren lan baldintzen alde gogor borrokatu dute", azaldu du Urola Kostako ELAko ordezkari Janire Diazek.

Kiroldegiko langileek eskerrak eman dizkiete prozesuan zehar babesa eman dieten bazkideei, herritarrei, kirol elkarteei, eragileei eta mobilizazioetan parte hartu duten guztiei. "Mila esker eman diguzuen babesagatik, jarraitzeko indarra eman diguzue eta".

Bide luzea
2012tik lan hitzarmena izoztuta zuten Aritzbataldeko Kiroldegiko langileek. 2016ko uztailean euren hitzarmen propioa negoziatu eta pleguetan jaso nahian, hitzarmen proposamena aurkeztu zuten, baina ez zuten erantzunik jaso. Otsailaren 2an egin zuten lehenengo greba eguna; eta enpresen, udalaren eta langileen arteko negoziazioari hasiera emateko greba egun gehiago egin behar izan zituztela gogoratu dute.

Greba "gogorra" izan dela nabarmendu dute langileek, "oztopo asko izan ditugu bidean eta sufrimendu handia pasatu dugu". ELA sindikatutik uste dute, lan harremanek ezin dutela norabide hori jarraitu. "Lehen unetik eseri behar dute aldeek hitz egiteko. Ez da bidezkoa gauzak konpontzeko greba egin behar izatea", aldarrikatu dute.