Korrikaren lekukoa hartzear dira herritarrak

Zarauzko Hitza 2017ko api. 4a, 10:40
19. Korrika Zarauztik igarotzen. (Gorka Rubio/Argazki Press)

Bihar goizaldean iritsiko da 20. Korrika Urola Kostara; 01:31k aldean helduko da Zarautzera. Gaur arratsaldean, berriz, Korrika Txikia egingo dute.

Bihar goizaldean iritsiko da 20. Korrika Urola Kostara. Joan den ostegunean hasi zen euskararen aldeko lasterketa Otxandion, eta Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu eta Donostiatik zein Orioti igaro ostean, Zarautzera iritsiko da 01:31a aldean.

Udalak kilometroa erosi duela jakinarazi du, eta Xabier Txurruka alkateak, Nekane Iribar Euskara zinegotziak nahiz beste zinegotzi batzuk eramango dutela lekukoa Bizkaia kaleko 25. zenbakitik hasita. Haiekin bat egitera gonbidatu dituzte udal langileak, "gure lana eta zuena, guztiona, osagarri bezain beharrezkoa baita euskararen normalizazioaren bidean".

Aurretik, baina, Korrika Txikia egingo dute. 16:45ean hasiko dute Agoueseneko biribilgunetik. Musika plazan bukatuko da lasterketa, eta Xabier Zabala musikaria eta Motxian bertso eskola omenduko dituzte.