Euskara sustatzeko diru laguntzak eskatu daitezke apirilaren 28ra arte

Zarauzko hitza 2017ko api. 14a, 13:48

Zarauzko Udalak euskara sustatzeko diru laguntzak emango ditu, eta hilaren 28an amaituko da eskariak aurkezteko epea.

Zarauzko Udalak euskara sustatzeko diru laguntzak emango ditu, eta hilaren 28an amaituko da eskariak aurkezteko epea. Interesatuek udaleko Euskara Sailean eska ditzakete eskaera-orria nahiz deialdiaren dokumentu osoa. Nahi dutenak, euskaraz@zatautz.eus helbidera idatzita edo 943-005116 telefono zenbakira deituta ere jarri daitezke harremanetan Euskara Sailarekin.

Lau taldetan banatu dituzte diru laguntzak.

Alde batetik, euskararen arloan lan egiten duten kultur elkarteei zuzendutako diru laguntzak egongo dira. Atal honetan, euskararen alde motibazioa lantzea, ikerketak, eta ezagutza eta erabilera sustatzeko jarduerak lagunduko ditu udalak.

Bestetik, web orriak euskaraz jartzeko laguntzak emango dituzte. Kostuaren %50a lagunduko da, gehienez 450 euro.

Horrez gain, establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzeko laguntza ere emango zaie merkatari, ostalari eta enpresei. Balioaren %50a lagunduko du Zarauzko Udalak, gehienez 350 euro.

Azkenik, establezimenduaren irudi korporatiboa euskaraz egon dadin diru laguntza emango du udalak, gastuaren %50a ordainduko du, gehienez 350 euro.