Pro Zarautz 2017

Pro Zarautz txapelketako surflariei harrera egin diete Modelon

Zarauzko hitza 2017ko api. 18a, 20:33

Axi Muniaini eta Aitor Francesena 'Gallo'-ri buruzko filmak proiektatu dituzte Pro Zarautz txapelketako harrera ekitaldian.

Gaur arratsaldean Pro Zarautz Txapelketako surflariak eta surfzaleak Zarauzko Modelo aretoan bildu dira. Surflariei harrera egin nahi izan die Gipuzkoako Surf Federazioak, eta ekitaldian Axi Muniaini eta Aitor Francesena Gallo-ri buruzko filmak proiektatu dituzte.

Axi Muniainek aurkeztu du ekitaldia, eta Zarautz Pro Txapelketa eta Zarauzko eta Gipuzkoako surfaren erronkak izan ditu hizpide. Horrez gain, Gipuzkoako Surf Federazioko zuzendaritza berria egiten ari den lan handia ere goraipatu du. "Gipuzkoako Surf Federazioak surf komunitatea osatzen dugun guztion ordezkaria izan behar du, eta horretan ahalegin berezia egiten ari dira. Horregatik, Pro Zarautzek txapelketaz gain, surf kulturaren inguruko hainbat ekimen bilduko ditu".

Bestalde, Aitor Francesena Gallo-ren lana aitortu nahi izan dute harrera ekitaldian. Gallo-k eskerrak eman dizkio Zarauzko surf komunitateari aitortzagatik, eta Munduko Txapelketa Zarautzen jokatzearen garrantzia nabarmendu du surflariak.