Pro Zarautz 2017

Pro Zarautz txapelketan aurrera egin dute Aranburuk eta Vitoriak

Zarauzko hitza 2017ko api. 20a, 21:01
Aritz Aranburu. (WSL)

Ruben Vitoria eta Aritz Aranburu zarauztarrek eta Imanol Yeregi zumaiarrak hurrengo txanda jokatzeko txartela lortu dute.

Emakumezkoen lehiaren ondoren, gizonezkoen txapelketarekin jarraitu dute Zarauzko hondartzan. Itsasoaren baldintzak nahi baino okerragoak izan badira ere, Ruben Vitoria eta Aritz Aranburu zarauztarrek eta Imanol Yeregi zumaiarrak hurrengo txanda jokatzeko txartela lortu dute.

Vitoriak aurkari gogorrak izan ditu gaurko saioan, baina sailkapenaren buruan dagoen Jorgann Couzinet frantziarra garaitzea lortu du, hurrengo txandara pasatuz. Vitoriak laugarren txandan Andy Criere, Adrian Toyon eta Pro Zarautz irabazteko faboritoen artean dagoen Jake Marshall izango ditu aurkari. Hain zuzen ere, azken honek hartutako olatu batek jardunaldiko bigarren puntuaziorik altuena izan du, 8.83ko puntuazioa.

Aritz Aranburuk jardunaldiko azken ekitaldian jokatu du, eta Imanol Yeregi zumaiarrarekin batera hurrengo txandara sailkatu da; dena dela, Yeregi gazteak Aranburuk baino puntuazio hobea lortu du gaurko jardunaldian.

Bestalde, Hodei Collazao zarauztarrak ez du aurrera egin txapelketan.

Bihar 10:00etan ekingo diote Pro Zarautz txapelketari, emakumezkoen lehiaketarekin.