Osasun gida sortu dute, elkarteen zerbitzuen berri emateko

Zarauzko Hitza 2017ko api. 28a, 09:00

Elkarteetako ordezkariak, Miren Letamendia Osasun zinegotziarekin, atzoko aurkezpenean.

Larunbatean elkarteen aurkezpen ekitaldia egingo dute Lege Zaharren enparantzan, 11:00etatik 14:00etara.

«Orientazio goiztiarrak sufrimendua ekiditen lagundu dezakeelako». Horregatik, Zarauzko Udalak osasun gida osatu du lehenbiziko aldiz.  Udalerrian osasunaren arloan lan egiten duten elkarteen helburu, zerbitzu eta ekintzen informazioa jaso dute bertan. Zehazki, ondoko elkarteen datuak aurki daitezke gidan: Adahigi, Ademgi, Aecc,  Afagi, Agi, Agifes, Alcer,  Hondartza taldea, Antxeta taldea, Al-Anon familia taldea, Arnasa elkartea, Aspanogi, Aspargi, Bizi Bide, DYA, Gurutze Gorria eta  Izan Fundazioarena.

«Guztiek betetzen dute lan garrantzitsua eta hori jakitera emateko sortu dugu gida», nabarmendu du Miren Letamendia Osasun zinegotziak. Haren arabera, gaixotasun kronikoa dutenak eta haien familiak «askotan galduta sentitzen» dira, eta «laguntza zein aholkularitza beharra» izaten dute. Jon Barriola Ademgi elkarteko ordezkariak gaineratu du  «oztopoak babesarekin gainditzea errazagoa dela, eta are gehiago elkarte baten babespean bada».

Askotariko osasun arazoei aurre egiten laguntzeko, elkarte asko sortzen direla gaineratu du Letamendiak, eta zentzu horretan, kaleratu berri duten gida  «oso lagungarria» izango dela, bai herritarrentzat eta baita profesionalentzat ere. «Herritarrengana errazago heltzeko balio izateaz gain, profesionalentzat ere lanabes lagungarria izan daiteke gida hau».


Bihar, aurkezpen ekitaldia

Letamendiak elkarteetako langileen jarduna balioan jarri du, eta hori jakitera emateko, larunbatean aurkezpen ekitaldia izango dela aurreratu du. 11:00etatik 14:00etara, hainbat mahai informatibo jarriko dituzte Lege Zaharren enparantzan, elkarteen nondik norakoen berri emateko. Horrez gain, haurren txoko bat ere izango da, «hainbat sorpresekin». Egun horretan eskuratu ahalko dira osasun gidak. Gainerakoan, ikastetxeetan, osasun zentroan eta Gizarte Zerbitzuetan  ere banatuko dituzte.