Bioteknologia eta nekazaritza jasangarria hizpide, Mertxe de Renobalesen eskutik

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 2a, 11:06
Mertxe de Renobales biokimikariak eskainiko du biharko hitzaldia.

'Bioteknologia, nekazaritza eta jasangarritasuna' hitzaldia eskainiko du Mertxe de Renobales biokimikari bilbotarrak. Ekitaldia ZarautzOn elkarteak antolatu du asteazkenerako, maiatzaren 3rako; Antoniano aretoan izango da, 19:30ean hasita.

ZarautzOn-ek modu honetan aurkeztu du hitzaldia: "Medikuntzari ezarritako bioteknologia gehienok arazorik gabe onartzen dugu, baina gure elikagaiei ezarritako hobekuntza bioteknologikoa ez dugu hain erraz onartzen. Laboreen hobekuntza genetikoaren Ikuspuntu zabal batetik abiatuta, labore transgenikoa zer den saiatuko gara adierazten. Nekazaritza jasangarriaren ikuspuntutik aztertuko dugu labore transgenikoen eragina gizaki eta ingurumenean, gaur egun, gai honetaz gizartean dugun eztabaidan iritzi bat osatzeko datu sorta xume bat izan dezagun".

Gaiaz ezagutza zabalago izateko, Biokimikan doktore Mertxe de Renobales gonbidatu du saiora. Ikertzaile eta irakasle aritu zen 13 urtez Estatu Batuetako hainbat Unibertsitateetan. Euskal Herrira itzultzean Inasmet Fundazioko Bioteknologia saileko arduradun aritu zen bi urte. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Biokimika Katedradun bezala hasi zen. Laurogei argitalpen zientifikoetatik gora
islatzen da bere ikerketa lana, orokorrean lipidoei buruz.

Hitzaldia asteazkenean iznago da, 19:30ean, Antoniano aretoan. Beti bezala, streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da, zarautzon.nirestream.com helbidea.