Jantoki beganoa eta kontzertuak, Arraioren urtemugan

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 3a, 10:40
Arraio Irratiaren 5. urteurrena ospatuko dute ostegunean, Putzuzulon. Horretarako, hileko lehen ostegunero bezala jantoki beganoa izango da. Horrez gain, kontzertuak ere antolatu dituzte, Dispraxia eta Cocaine Piss taldeen eskutik. 20:30etik aurrera izango da.


Hona hemen, urtemugaren harira, Jantoki Beganoko kideen idatzia:

"Maiatzak 4ean, osteguna, Zarauzko Jantoki Beganoaren 5. urteurrena ospatuko dugu. Hilabeteroko lehenbiziko ostegunetan elkartzen gara 20:30ean afaltzeko, borondatearen truke. Bost urte sinesten dugunagatik lanean, oso gustora, gainera.

Guretzat ez da afari soil bat. Gure helburuetako bat gure ikuspuntua jendeari azaltzea da. Animalien  sufrimendurik gabe eta hauen bizitza errespetatuz elikatu gaitezkela erakusten saiatzen gara. Ez dugu beganismoa dieta edota moda batekin lotzen, jarrera politiko eta etiko batekin baizik. Autogestioan oinarrituz, horizontaltasunean egiten dugun  jarduera bat da. Beste helburu garrantzitsu bat da lortzen dugun diru gutxi hori (borondatearen truke da afaria) animalien defentsaren alde ematea (santutegiak eta animalien aldeko beste proiektuak, garraio eta materialen gastuak etab.), oso beharrezkoa baita. Aipatzekoa da ere lagun artean sortzen den giro polita, ondo pasatzea eta jende berria ezagutzea eskertzekoa da beti!

Eskerrak eman nahi dizkiegu modu batera edo bestera gurekin lanean jardun duten lagun guztiei, borroka honetan gogor lan egiten duten pertsona eta taldeei, afaltzera etortzen zaretenoi, eta nola ez, hainbeste maite dugun Putzuzulo Amets Fabrikari!

Gonbidapena luzatu nahi dizuegu afaltzera etortzeko, badakizue, hileroko lehenbiziko ostegunetan arratsaldeko 20:30etik aurrera zuen zain gaude!"