Udalak harrera egingo die futboleko neskei

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 4a, 15:03
Zarauzko futboleko neskak (ZKE Futbola)

Igandean lortu zuten ZKEko futbolariek bigarren mailara igotzea. Hori ospatzeko, udalak harrera egingo die jokalariei, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian.

Udaletxeko areto nagusian hartuko dituzte ZKEko futbol jokalariak, ongi etorria egiteko, eta ondoren balkoira atera eta kopa jasoko dute. "Ospakizun handia" izango denez, udalak zarauztar guztiak gonbidatu ditu "udaletxe plaza betetzera, neskei merezi duten harrera egin eta, hauekin batera, bigarren mailara igoera ospatzeko".

"Zarauztarron omenaldi beroa merezi dute neskek, urte honetan zehar gogor egin baitute lan euren helburuak lortzeko, eta ederki lortu dituzte, gainera", nabarmendu du Iban San Martin Kirol zinegotziak. "Denboraldia biribildu dute merezitako maila igoerarekin, eta ez hori bakarrik: emakumezkoen futbolak Zarautzen duen indarra ere erakutsi dute, eta euren lan eta esfortzua txalotzeko gogoz gaude".

Erlazionatuak