Iñurritzako dunak berreskuratzeko lan hitzordua jarri dute

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 4a, 15:56
Iñurritzako dunak, pasealekua eta golf eremua (Arkamurka)

Zarauzko naturzaleei egin diete bertan parte hartzeko deia; 10:00etan bilduko dira, Borghettoko kantina berriaren gaineko begiralekuan.

Iñurritzako dunaren aurrealdearen egoera behatzeko eta hobetzeko lan hitzordua deitu dute Arkamurka Natura Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak larunbaterako. Eurekin elkarlanean, Zarauzko naturzaleak animatu daitezen nahi dute,"bolondres gisara, guztiona den ondarearen alde aritzera"; parte hartzaileek Life-Arcos elastiko bat jasoko dute. Goizeko 10:00etan elkartuko dira, Borghettoko kantina berriaren gaineko begiralekuan.

Hauek dira egun horretan egin nahi dituzten ekintzak:

  • Pasabidetik abiatu, inguruko loraldiaz gozatu eta, bide batez, orain arte egin diren eta egin asmo diren berreskuratze lanak komentatu.

  • Duna aurrean zuhaitz-adarrak ipiniko dira, uda aldean kanpotar eta bertakoen aldetik horren tratu kupidagabea jasaten duen duna zati horren balioa aldarrikatu eta bertan hondarra finkatu eta, bide batez, jendea uxatzeko.

  • Bertako landare egituratzaileak landatu.

  • Jendea bertara sar ez dadin iragarkiak ipini.