Harrera beroa jaso dute ZKEko Futboleko neskek

ZKEko futboleko neskak, harrera ekitaldiaren ondoren, koparekin.

Arratsaldean egin zieten harrera udaletxean, eta bigarren mailara igotzeagatik zoriondu zituzten udal ordezkariek.

Udaletxe atarira heldu orduko, bertan zituzten futbol saileko kideak eta beste hainbat lagun, txaloka, ongi etorria ematen. Bi dantzarik Agurra dantzatu ondoren igo ziren udaletxeko areto nagusira, udal ordezkariek harrera egin ziezaieten. Xabier Txurruka alkateak hartu zuen lehenbizi hitza. Bigarren mailara igotzeagatik zoriondu zituen, eta hori lortzeko egindako lana aitortu zien. "Urte osoan zehar, partidarik galdu gabe, jo eta su egin duzuen lana benetan goraipatzekoa dela azpimarratu nahi dugu. Zarauzko Udalaren zein zarauztar guztien izenean, benetan, zorionak".

Gloria Vazquez Udal Gobernuko kide eta PSE-EEko bozeramaileak nabarmendu zuen Zarauzko neska futbolariek lortutakoa "garrantzitsua" dela, baina ez soilik mailaz igotzeagatik: "Gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna lortzeko bidea zuen esfortzuarekin zabaltzen ari zarete". Aitortu zuen "kirolak gizonezkoen mundua izaten jarraitzen" duela eta puntu horretan "lan handia" dagoela egiteko.

ZKEko futboleko neskena "izugarrizko lorpena" dela adierazi zuen Mikel Goenaga EH Bilduko bozeramaileak, eta emaitza hori ez dela "urte bateko lanaren ondorioa". "Jakinaren gainean gaude urte askotako lana dela. Ez da kasualitatea lortu duzuena". Zarautzen kirolak "indar handia" duela gaineratu zuen eta, bereziki, emakumezkoek erakusten dutena aitortu zuen.

"Ahalegin handia egin duzue eta hemen duzue emaitza", esan zien Ana de Benito Irabazi Zarautzeko bozeramaileak: "Zuek futbolarekin gozatzen jarraitzea nahi dut, eta noski, guk zuekin. Gure desiorik onenak bigarren mailan biziko duzuen etapa berri honetarako".

"Ametsa lortu duzue"

ZKEko Futbol saileko presidente Luis Azkoagak ere egin zituen adierazpenak: "Guretzat oso garrantzitsuak dira lorpen hauek, eta baita horiek zabaltzea ere. Bereziki, nesken kasuan". Orain arte lorpen ugari izan direla gaineratu zuen, baina zenbait kasutan "isiltasunean eraman" direla. Horregatik, eskerrak eman zizkien udal ordezkariei harrera ekitaldi hori antolatzeagatik. Era berean, nabarmendu zuen ZKEko neskak bigarren mailan egonda, Gipuzkoan talde bakarra izango dutela aurretik: Reala. "Askok txiki-txikitatik egin duzue bidea, eta hori islatzen da zuen lorpenetan. Hemendik urte batzuetara egongo zarete maila nazionalean jokatzen".

Iratxe Oliden kapitainak eskerrak eman zizkien futbol jokalariei "hor jarraitzen dugulako eta egunero borrokatzen dugulako". Bestalde, bertan bildu ziren beste mailetako futbolariei gogoratu zien eurak ere "horrela hasi" zirela, eta beraz, eurak heldu diren lekura ere irits daitezkeela datozenak. Bestalde, kanpotik etorritako taldeko beste jokalariei ere eskerrak eman zizkien, "haiengatik ez bazen" agian ez luketelako bigarren mailara igotzea lortuko. Aitzol Astiazaran entrenatzaileak ere eskerrak eman zizkien udal ordezkari nahiz zarauztarrei egindako harreragatik.  

Koldo Uribarri ZKEko futbol saileko emakumezkoen arduradunak ere babesle, jarraitzaile, entrenatzaile eta laguntzaile guztien babesa eskertu zuen, eta bereziki, futboleko neskei eman zizkien eskerrak. "Badago kanta bat, esaten duena amets bat izan nuen. Gaur zuek lortu duzue". 

Ekitaldia amaitzeko, Euskal Futbol Federakundearen kopa jaso zuten igoera lortu duten jokalariek, federazio horretako ordezkari Maite Redondoren eskutik.

Erlazionatuak

Zarauzko futboleko neskek igoera lortu dute

Zarautz

Garaipena behar zuten Euskadiko Liga irabazi eta Espainiako 2. mailara igotzeko, eta ez dute hutsik egin. 1-2ko emaitzarekin irabazi dute Erandion,...