Hainbat ekitaldi Santa Marinan, jaietarako berotzeko

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 11a, 10:30
Iaz, Ijitoen Eguna ospatu zuten. Aurten, berriz, Far West-ekoa.

Larunbatean zein igandean askotariko jardunaldiak izango dira Santa Marinan.

Datorren igandea da Santa Marina eguna, maiatzaren 21a. Aurrez, ordea, askotariko ekitaldiak izango dira herriko kale horretan. Asteburu honetan hasiko dira berotzen. Horretarako, pilota eta mus txapelketak izango dira larunbatean, baita kontzertua ere, The Bluehats talde zarauztarren eskutik.

Igandean, berriz, Far West Eguna izango da. Hala, bertaratzen direnek gaiarekin bat datorren jantziak eramango dituzte soinean. Haurrentzat askotariko saioak izango dira egun osoan: marrazki eta pintura lehiaketa, puzgarriak, Apaxi ipuin kontalaria, entzierro txikia eta pantinete nahiz moto lasterketak, besteak beste.

Entseguak, aste hasieran

Asteburua pasatuta, hilaren 19ko danborradarako entseguekin hasiko dira. Zehazki, astelehenean, asteartean eta asteazkenean egingo dituzte saioak, Merkatu plazako lehen solairuan, 21:00etatik aurrera.