Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako nazioarteko egunerakin lotuta ekitaldiak antolatu dituzte

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 11a, 17:57

Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Parekidetasun zinegotzia eta Edurne Iribar Hezkidetza Forokoa gaur, aurkezpenean. (Zarauzko Udala)
Naizena naizela, onartua! lelo hartuta, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako nazioarteko egunarekin (maiatzak 17) lotuta ekitaldiak antolatu ditu Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak, Hezkidetza Foroarekin elkarlanean. Besteak beste, hitzaldia, film emanaldia eta ikastetxeetan gaiaren lanketa egingo dituzte.

Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako nazioarteko egunarekin (maiatzak 17) bat egingo du Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak, Hezkidetza Foroarekin batera. Gaur aurkeztu dituzte egun horrekin lotuta Zarautzen antolatu dituzten ekitladiak, Naizena naizela, onartua! lelo hartuta.

"Azken finean, norbere sexu identitatea errespetatzea aldarrikatzen dugu egun horrekin. Homosexualek diskriminazioa jasaten dute beren amodioa eta beren desio sexuala normaltasunez bizitzeko, eta hori onartezina da", azaldu du Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Parekidetasun zinegotziak.

Horregatik, gazteekin gaia lantzea garrantzitsua dela nabarmendu du. "Gure seme-alabak txikitatik tratatu behar dituzte horrelako gaiak normaltasunez, eta ikasi behar dute pertsona guztiak errespetatzen, ezberdinak izan arren". Maiatzaren 17an zarauzko udaletxean eta ikastetxeetan ortzadarraren bandera jarriko dutela esan dute, "dibertsitatea eta askatasuna irudikatuz".

EGITARAUA:

- Maiatzak 16, asteartea. Transexualitatea haurtzaroan izenburu hartuta hitzaldia. Aitzole Araneta sexologoak eta Marian Emazabel Chrysallis EHko kideak hitz egingo dute. 18:30ean izango da, Antonianoko aretoan. Bertan, Chrysallisek haur transexualei buruz egindako lehen ikus-entzunezko didaktikoa uarkeztuko du.

- Maiatzak 17, asteazkena. Azul y no tan rosa filmaren emanaldia, 20:00etan, Modelo aretoan. Sarrera doan da. 2014an Iberoamerikako pelikularik onenaren Goya saria jaso zuen.

Hezkidetza Foroaren barruan, ikastetxeetan ortzadarraren bandera eskegiko dute, eta ikastetxeetan egindko ekitaldien berri emango dute sare sozialetan.