Ikasleek mikroplastikoak bilduko dituzte astelehenean hondartzan

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 18a, 15:59
Jon Urretxa, Gloria Vazquez eta Edurne Buesa, gaurko aurkezpenean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Aztertuz programaren barruan, herriko 400 gaztetxok hondartzako 1.600 metro araztuko dituzte.

Maiatzaren 22a, astelehena, Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna da, eta hori aprobetxatuz ekimen berezia egingo dute udalerrian. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak nahiz Ingurugelak abian jarritako Aztertuz programaren barruan, 6. Ekinaren Eguna ospatuko dute. Hala, Eskolako Agenda 21a lantzen duten ikastetxeetako—La Salle, Antoniano, Lizardi eta Salbatore Mitxelena— nahiz Monte Albertiako DBH eta Lanbide Heziketako 400 ikaslek hondartzako 1.600 metro inguru araztuko dituzte, mikroplastikoak biltzeko.

Bosnaka bilduko dira eta 20 metro garbituko ditu talde bakoitzak. Begi bistan dauden gaiak biltzeko eskuak baliatuko dituzte ikasleek, eta mikroplastiko txikiagoak jasotzeko, berriz, balde zein irazki bana erabiliko dute. 08:00-17:00 bitartean jardungo dute hondartzan pilatzen diren mikroplastikoak erretiratzen.

Garbitu eta sentsibilizatu

Gai kutsakor horiek hondartzatik erretiratzeaz gain, beste helburu bat ere izango du ekimenak: arazoaren aurrean herritarrak sentsibilizatzea, hain zuzen ere. "Mundu mailako arazoa da mikroplastikoena. Itsasaldien nahiz olatuen mugimenduaren eraginez, plastikozko objektuak txikitzen joaten dira eta hala sortzen dira bolatxo txikiak, mikroplastikoak deritzenak", azaldu du Aztertu programako arduradun Jon Urretxak. Zati handiek ingurumenean kaltea eragiten dutela dio, baina plastikozko zati txikiak direla ondorio larrienak eragiten dituztenak.

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak nabarmendu du plastikoaren erabilera "izugarri" zabaldu dela, "merkea eta eraginkorra delako". Baina, aldi berean, "kalte handia" eragiten du itsasoan eta biodibertsitatean. "Eta biodibertsitatea babestu behar dugu, munduko natura babestu nahi badugu", adierazi du.

Hala, 6. Ekinaren Egunak herritarrak nahiz ikasleak "arazo handi" horretaz jabetzeko balioko duela adierazi du Edurne Buesa Ingurugelako arduradunak. Horregatik, plastikozko objektu gutxiago kontsumitu beharko liratekeela gaineratu du, eta horiek erabiliz gero, "behar den lekuan" utzi beharko liratekeela, itsasoan amaitu ez dezaten.

Horren guztiaren berri emateko, karpa bat jarriko dute Zarauzko Damaren parean astelehenean. Iñaki Arriola Ingurumen sailburua ere bertan izango da.