«Opari bat da halako leku batera etorri ahal izatea»

Berria.eus 2017ko mai. 24a, 09:17
Oreka Tx taldeko lagunak Taipeien (Berria).

Taipein da Oreka Tx, Taiwango 9. Nazioarteko Perkusio Batzarrean: 'Elkarrizketak' programan arituko dira Nana Formosa bikotearekin batera gaur, jaialdirako espresuki landutako errepertorioarekin. Berria.eus-ek eman du argitara elkarrizketa.

Larunbat goizean iritsi ziren Taipeira Oreka Tx taldeko lagunak: Taiwaingo 9. Nazioarteko Perkusio Batzarrera gonbidatu dituzte, hainbat herrialdetatik joandako musikariekin batera. Astebete iraungo du jaialdiak, eguneroko emanaldiekin: haietako batetik bueltan hartu du BERRIA Harkaitz Martinez de San Vicentek (Añorga, Donostia, 1975). Nana Formosa perkusio bikotearekin arituko dira gaur, National Concert Hall aretoan.

Zer moduz doa jaialdia?
Oso ondo. Larunbatean bertan izan zen inaugurazioa: han izan ginen gainontzeko musikariekin, eta aukera izan dugu arratsaldero haiek aurkezten dituztenak ikusteko. Opari bat da horrelako leku batera etorri ahal izatea, herrialdea ezagutzeko eta kontzertu izugarriak ikusteko.

Haiek gonbidatuta joan zarete?
Hala da. Aurretik jarri izan dira gurekin harremanetan, baina ez zen posible izan: interesa zeukaten txalaparta hemen aurkezteko. Lehen egunean izutu ginen pixka bat, baina ikusi dugu askotariko estiloak daudela, eta txalapartak ere baduela lekua hemen.

Zer moduzkoa da antzokia?
Arkitektura tradizionaleko eraikina da, baina teatro handi, moderno eta elegantea da. Egia esan, han sartuta egon gara iritsi ginenetik. Ikusten da jendeak programa aldez aurretik begiratzen duela: eskaintzen diren estiloak bezain desberdina da publikoa. Nabaritzen da oihartzuna duela.

Elkarrizketak programa eskainiko duzue gaur. Zertan da?
Lehenengo, Mikel [Ugarte] eta biok arituko gara; gero, Taiwango Nana Formosa arituko da: bi perkusionista dira, tresna pila bat jotzen dituzte. Bakoitzak bere kontzertua emango du, eta, gero, elkarrekin zerbait egingo dugu.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus