Tximas zena omentzeko jaialdia egingo dute larunbatean

Aritz Mutiozabal 2017ko mai. 26a, 09:00
Ixidro Laskibar, Tximasen anaia (Aritz Mutiozabal).

Putzuzulo gaztetxean izango da, 19:00etan hasita, Arraio Irratiaren urtemugaren barruan .Hurbilekoak zituen dozena bat taldek joko dute zuzenean

Arraio Irratiaren 11. urteurrenaren harira, Xabier Laskibar Tximas zena gogon hartzeko jaialdia antolatu dute. Merezitako omenaldia «gehienbat, bere inguruko jendeak bultzatuta» etorri dela adierazi du haren anaia Ixidro Laskibarrek. «Bera oso pertsona aktiboa zen. Beti zebilen bizpahiru proiektutan murgilduta, eta horrek lagunarte handia utzi du, bai musika munduan bai surf munduan».

Anaia zendu eta denbora gutxira, whatsappeko Tximas izeneko taldetxo batean barneratu zutela dio Laskibarrek. «Bere lagunek sortu zuten, eta haren omenez zerbait antolatu behar zela komentatzen hasi ziren». Duela hiru urte OK Korral taldeko abeslari Lou Olangua zenaren omenezko jaialdia antolatu zuten Putzuzulon, Arraio Irratiaren beste urteurren festa batean – bertan, Tximasek bateria jo zuen OK Korralekin–, eta oraingo honetan ere formatu bera errepikatzea erabaki dute.

Tximas Concert jaialdia bihar egingo dute, 19:00­etan hasita, eta, guztira, dozena bat taldek hartuko dute parte: Arakajun, Alligaitors, Saturday Morning Band, Bluestock, Javier Sun, Tofu, Kiowak, Offni, Pariak Bai, The Ribbons, DJ Nash eta OK Korral. Talde horietako askotan jo edo kolaboratu zuen Tximasek, eta besteekin, berriz, adiskidetasunak lotzen zituen. Bakoitzak emanaldi laburra eskainiko du, eta ezustekoak ere izango dira taula gainean. Kontzertuez gain, Arraioko kideek bideo bat landu dute ekitaldirako.

Jaialdia «lagunarte fidel baten» erantzuna dela uste du Laskibarrek: «Bere lagunak hori adierazteko gogoz daude, eta nik uste dut batek baino gehiagok duen guztia emango duela larunbatean. Kontzertuak prestatzen ari dira buru-belarri. Batzuk jada ez dute jotzen eta hilabeteak daramatzate entseatzen. Bero-bero dator».

Tximas gogoan izateko festa bat izango da, eta nostalgiak nolabaiteko presentzia izango badu ere, modu alai batean ospatu nahi dute. «Ilusioz eta gogotsu gaude. Sekulako gaua izango da». Sarrera doan izango da, eta borondatea baino ez dute eskatuko dute. Era berean, jaialdia streaming bidez emango dute zuzenean.

Tximas Concert
Bihar, Maiatzak 27. Putzuzulo gaztetxean
19:00. Arakajun.
19:30. Alligaitors.
20:00. Saturday Moning Band.
20:30. Bluestock.
21:00. Javier Sun.
21:30. Bideo emanaldia.
22:00. Tofu.
22:20. Kiowak.
22:50. Offni.
23:20. OK Korral.
23:50. Pariak Bai.
00:40. The Ribbons.
01:40. DJ Nash.   

 
Webgunea
Tximas Concert jaialdia iragartzeko webgunea sortu dute antolatzaileek, tximasconcert.nirestream.com izenekoa. Bertan, parte hartuko duten taldeen bideoak eta entseguak ikus daitezke. Gainera, jaialdia zuzenean emango dute streaming bidez.