'Zarauzko gutunak. 36ko gerra' liburua aurkeztuko du Amagoia Gurrutxagak

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 1a, 09:52
Amagoia Gurrutxaga, 'Zarauzko gutunak. 36ko gerra' liburuarekin (Aritz Mutiozabal).

Gaur, ekainaren 1ean, izango da ekitaldia Garoa liburu dendan, 19:00etatik aurrera. Duela lau urte argitaratutako Zarauzko postalak lanaren jarraipena da, eta bertan, testigantza nahiz agirien bidez, 1936ko udan eta diktadura hasieran Zarautzen gertatutakoak jaso ditu. Berria egunkariak elkarrizketatu du.

Samara Velte kazetariak elkarrizketatu du Amagoia Gurrutxaga, Zarauzko gutunak liburuaren harira.

Duela lau urte atera zenuen Zarauzko postalak liburua. Nola sortu zitzaizun bigarren atala idazteko beharra?
Aurreko liburua atera ondoren, kontu berri asko jakin nituen, jendeak kontatuta eta neuk bila segituta. Aurkitutako agiriak eta testigantzak ikusita, ohartu nintzen hor kontatzen ziren gauza batzuk oso larriak, krimen hutsak zirela. Badakigu hainbat pertsona erail zituztela; bakarren bat bizirik lurperarazi zutela, eta horretarako zuloak egitera baserritar batzuk behartu zituztela. Zerk egin zuen posible halako aginduak ematea eta aginduok isil-isilik betetzea? Izu eta deshumanizazio giro oso jakinak, testuinguru beldurgarri batek. Testuinguru hori azaldu gabe kontatzen badugu gertatutakoa, gaurko begiekin begiratuta, ez da ezer ulertzen. Eta zerk egin du posible hori dena ondorengo belaunaldiek ez jakitea? Kriminalek gerra irabazi izanak, ondorengo diktaduran isiltasun legea inposatu izanak eta Espainiako trantsizio delako hartan isiltasun lege horri eutsi izanak. Horregatik guztiagatik, oraingo liburu honetan jazarpen egitura eta giroa azaltzen saiatu naiz.

Giro hori detaile handiz deskribatzen duzu. Zarautz, oro har, eskuindarra zen gerra aurretik ere: kolpistak heldu zirenean batzuk pozez zeudela diozu. Nolakoa zen herri hura?
Udala karlisten esku zegoen, baina EAJkoekin lehia estuan zebiltzan herriko agintea lortzeko. Baserriak, lehen sektoreak, pisu handia zeukan herrian. Altzari fabrikek ere bai. Eta turismoak, jakina. Baserri eta lur-jabe gutxi batzuen menpe bizi ziren zarauztar asko. Uda pasatzera etorri ohi ziren lur-jabe haiek, eta kasualitatea, haien administrariak ziren udalean karguak zituztenak. Botere politiko lokala lotuta zegoen botere ekonomikoarekin. Handi jende asko zegoen Zarautzen kolpea gertatu zenean ere.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus.