Joxe Angel Iribar omenduko dute Gipuzkoa Zuri-Gorri Sariarekin

Zarauzko hitza 2017ko eka. 2a, 09:00
Zarauzko Athleticeko zaletu taldeko kideak San Mames zelaiaren aurrean (Zarauzko Athletic Zaleak).

Gipuzkoako Athletic zaleen bilkura egingo dute igandean, Zinema pilotalekuan. Iribar omentzeaz gain, Athleticen jokatu duten jokalari zarauztarrei aitortza egingo diete.

Gipuzkoa Zuri-Gorri Gipuzkoako Athletic zaleen topagunea egingo dute igandean, Zarautzen, eta 180 lagun inguru biltzea espero dute antolatzaileek. Egun osoko jaia izango da, eta Gipuzkoa Zuri-Gorri Saria emango diote Joxe Angel Iribar atezain ohiari, «Athleticen jokalari erreferentea izan baita zarauztarra». Horrez gain, Athletic taldean jokatutako zarauztarrei aitortza ere egingo diete: Salvador Etxabe Txorten-i, Iñaki Txurrukari, Estanis Argoteri eta Maite Lizasori.

Gipuzkoako Athleticeko hamasei zaletu talde daude, eta iaz egin zuten lehen topaket­a. «Gure artean harremana sendotzea da helburua, eta horretarako urtean behin biltzea adostu genuen. Lagunartean egun eder bat pasatzea da asmoa», azaldu du Asier Kortajarena Zarauzko Athleticeko zaletu taldeko kideak. Ekitaldiero Athletic futbol taldearekin zerikusia duen eragile edo pertsonak omentzen dituzte Gipuzkoako zaletuek. «Iaz Tolosan egin genuen lehen ekitaldia. Kalejira egin genuen herrian barrena, bazkaldu eta Athletic taldea bera omendu genuen lehen aldi hartan». Aurten, berriz, Zarauzko taldeak 25 urte betetzen dituela aprobetxatuz, zaletu taldeen eguna Zarautzen antolatzea aproposa iruditu zitzaien.


Athleticen zaletasuna

Athletic zale asko duen herria da Zarautz, eta Kortajarenak uste du herrian talde zuri-gorrian jokatu duen hainbat jokalari izateak eragina izan duela zaletasuna sortzeko orduan. «Iribarrek eta Argotek Athleticen jokatzen zutenean taldeak ligak eta kopak irabazten zituen. Gaur egun Bartzelonak sortzen duen zaletasun bera eragiten zuen garai hartan Athleticek. Gurasoak Athletic-ekoak direlako, gaur egun beren seme-alabak ere Athleticen jarraitzaileak dira».

Egun 55 lagun inguruk osatzen dute Zarauzko zaletu taldea, eta urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte.

EGITARAUA
Igandea, ekainak 4
11:30. Hamaiketakoa, Zinema pilotalekuan (gaztelekuan).
13:00. Kalejira herrian barrena.
14:30. Bazkaria, Zinema pilotalekuan.
17:00. Sari banaketa. Joxe Angel Iribar omenduko dute, eta Athleticen jokatutako jokalari zarauztarrak aitortuko dituzte.