Urrak jantzi du txapela, Izeta II.ak agurra iragarri duen egunean

Zarauzko hitza 2017ko eka. 4a, 19:31
Izeta II.a eta Urra, finaleko azken saioa bukatu berritan. (Mailo Oiarzabal)

Izeta II.nak jakinarazi du gaurkoa beretzat azken txapelketa izan dela. Erakustaldietan-eta jarraituko duela esan du, uda ondorenerako marka ahalegin bat prestatzen ari dela ere bai, baina ez duela gehiago txapelketetan eta lehiaketetan parte hartuko.

Urrezko Aizkoraren Banakako Txapelketaren finalak jokatu dituzte gaur eguerdian Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Eta, haiekin tartekatuta, harri-jasotzaileen II. Pastorkua Memorialaren finala ere jokatu dute. Bertan, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aiarrak eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak neurtu dituzte indarrak. Beteranoa eta gaztea, maisua eta ikaslea aurrez aurre, eta bigarrenarentzat izan da txapela.

Urraren garaipenaren adinako albistea eman du, ordea, Izeta II.ak: finaleko azken saioaren aurretik, Luis Mari Bengoa antolatzaileak elkarrizketatu du eta gaurkoa beretzat azken txapelketa izan dela iragarri dio Aiakoak. Erakustaldietan-eta jarraituko duela esan du, uda ondorenerako marka ahalegin bat prestatzen ari dela ere bai, baina ez duela gehiago txapelketetan eta lehiaketetan parte hartuko.