Zaintzaileei buruzko hitzaldia izango da asteazkenean

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 5a, 16:43
Jende ugari bildu zen Hirugarren Adinekoen Mahaiak antolatutako lehenbiziko hitzaldian.

Hirugarren Adinekoen Mahaiak antolatutako bosgarren saioa izango da, Modelon, 19:00etan.

Amaia Leunda gizarte langileak, Erlantz Allur Matia institutuko ordezkariak, Gloria Martin psikoterapeutak zein Irune Negueruela, Inmaculada Eizagirre eta Belen Rodriguez zaintzaileek gidatuko dute Hirugarren Adinekoen Mahaiak antolatutako bosgarren saio hori. Zaintzailea zara? Hurbildu zaitez! hitzaldiaren helburua da laguntza zerbitzuen inguruko inormazioa eman eta mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituztenen bizipenak ezagutzea.

Jakinarazi dutenez, Sendian programari buruz jardungo dute gonbidatuek. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta Matia institutuak kudeatutako programa horrekin zaintzaileen ongizateari eta eskaerei arreta berezia eskaini zein zaintzen banaketa ekitatiboa bultzatzen da. Miren Letamendia Osasuneko zinegotziaren esanetan, pertsona bakar batek hartzen du bere gain zaintzen ardura nagusia, eta gehienetan emakumezkoak izan ohi dira. "Senidea zaintzen duten 10 pertsonetatik 8 emazteak, alabak edota errainak izaten dira".

Gogoratu du zaintzailea ez dela beti eginkizun horretarako prestatuta egoten, "ez zaintza horretarako, ezta zaintzak dakartzan ondorioetarako ere". Horregatik guztiagatik, "funtsezkoa" da horiei "berariazko arreta" eskaintzea. "Matia institutuak esperientzia zabala du proiektu horren kudeaketan eta, zehazki, prestakuntzan, laguntza taldeetan eta banakako laguntza psikologikoko programetan. Gipuzkoan mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programak dira, betiere emakumeen ahalduntzea eta gizon-emakumeen erantzukidetasuna bultzatzen duen ereduan oinarrituta", nabarmendu du Osasuneko zinegotziak.

19:00etan izango da, Modelo aretoan. Bukaeran mahai ingurua egiteko aukera izango dira bertaratzen direnekin. Ordubete iraungo du saioak.