«Zutabegile urteotan, neu aldatu naiz, eta baita nire estiloa ere»

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 6a, 12:36

Berria egunkarian Hitz beste zutabea egiten ia hamalau urte bete ditu Anjel Lertxundi idazleak. Berriak elkarrizketa egin dio.

«Frai Luis de Leonek 'Atzo genioen...' esanez hasi zuen klasea Inkisizioaren ziegetan lau urte pasatu eta gero. Baina hitzok ez ziren ahanzturazko parentesia bat, duintasunak ez baitu etenik». Hitzokin estreinatu zuen Anjel Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1948) Hitz beste zutabea, BERRIAren lehen zenbakian, Atzo titulupean. Lau hilabete ziren Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela eta bertako hainbat langile eta arduradun atxilotu zituela. Fotokopiatuta ekarri dio kazetariak Atzo hura. Baita joan den apirilaren 16ko Ez adiorik testua ere, bere azken zutabea.

Zure Atzo hartatik hamalau urte joan dira ia-ia. Hastapen hartako BERRIAko letra tipoak eta diseinua ez dira zure azken zutabearenaren berdinak. Azalekoak dira hasiera eta bukaera zutabeon arteko aldaketak, ala mamiak ere izan du bilakaerarik?
Hamalau urte ez dira alferrik pasatzen. Eta pasatzen den denbora, gainera, ez zaio norberari bakarrik pasatzen, norbera bizi den gizarteari ere bai. Gaur norbaitek irakurriko balitu segidan nire testuak, pentsatzen dut nabarmenduko lituzkeela bi aldaketak: neurea eta herriarena.

Zutabea idazteko, egunerokoa jarraitu behar izan duzu, eguneko gaiari heldu. Horrek bertsolari sentiarazi al du inoiz idazlea?
Bai. Bertsolari, gainera, bi modutara: bai bat-batekotasunetik asko izan duelako; bai estrukturalki nire zutabeak askotan izan duelako erremate bat. Eta idazterakoan, lehenbizi pentsatutakoa errematea izan delako, eta horren gainean osatu izan dudalako gainerako guztia. Ni, horretaz, gero konturatu naiz. Uste dut metodo oso ona dela horrelako gauza laburretarako. Zeozergatik egiten dute bertsolariek hori.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus