Tropela Hondartzan ekitaldia, igandean

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 6a, 13:20
Iazko ekitaldiko irudi bat.

Ziklistatxoen lasterketak eta vintage erakusketa izango dira, besteak beste, 09:30etik aurrera.

Hirugarren urtez, ziklistatxo eta kanikekin jokatuko dute herritarrek igande honetan, garai bateko jokoa berreskuratuz. Tropela elkarteak antolatuta, Tropela Hondartzan ekitaldia izango da Dama parean. Batetik, ziklistatxoen txapelketa jokatuko dute, kanikekin lagunduta. Horretarako, parte-hartzaileekhondarretan zirkuituak egin beharko dituzte lehenbizi. 09:30ean hasiko dira zirkuituak prestatzen. 11:30etik aurrera, taldeka lehiatuko dira—hiru lagunez osatuta egondo dira taldeak—, bi mailatan: 12 urtetik beherakoen mailan eta 13 urtetik gorakoen mailan.

Talde azkarrenarentzat ez ezik, beste hainbat sari ere izango dira: zirkuitu dotoreena egiten dutenentzat, ziklistatxo eleganteena dutenentzat, kiroltasunaren saria eta beste hainbat. 14:00etan izango da sari banaketa. Talde bakoitzak eraman beharko ditu bere ziklistatxoak eta kanikak. Horiek lortzeko arazoak dituztenentzat, Tropelak jarriko du materiala.

Bestetik, vintage erakusketa ere atonduko dute itsas pasealekuan, ekitaldia biribiltzeko. Bertan eskuz pintatutako berunezko ziklistatxoak, ziklisten irudiekin hornitutako botila-txapak, ziklistatxoz osatutako maketak, Urtekaria aldizkari zaharrak, Libros de Ruta argitaletxeko liburu berezienak, Juan Mari Tolinen argazkiak eta bestelakoak egongo dira ikusgai. Herritarrek erakusteko moduko ziklistatxoak, kromoak, argazkiak edota bestelako bitxikeriak bertara eramateko aukera izango dute, erakusketa osatzeko.

Tropela Hondartzan-en atarian dago informazio osoa eskuragarri.

Erlazionatuak