Pao Paok lehen urratsak egin ditu

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko eka. 8a, 09:00
Pao Pao elkarteko kide Oskia Yaben, Lidia Villar eta Rosa Ruiz (Aiora Larrañaga Solaberrieta).

Pao Pao elkarteak enpresek komunikazioan dituzten gabeziak identifikatzeko auto-diagnosi galdeketa bat sortu du; ‘paopaoelkartea. eus’ atarian eskuragarri dute tresna hori enpresek.

Urola Kostan komunikazio arloan lan egiten duten hainbat enpresek Pao Pao elkartea sortu dute, komunikazioak enpresa arloan duen garrantzia gizarteratzeko. Proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte Pao Pao elkarteko kide Zarauzko Lombok Design enpresako Lidia Villarrek, Zumaiako A3 enpresako Rosa Ruizek, eta Orioko Kultur Atelier enpresako Oskia Yabenek.

Urola Kosta Udal Elkarteak arte grafiko eta diseinuko enpresen artean sinergiak sortzeko asmoz egin zuen deialdi baten bidez bildu ziren lehen aldiz. Dena dela, komunikazioak bere barruan biltzen dituen beste hainbat arlo faltan bota zituzten eragileek, eta bigarren deialdia egin zuten. “Oso bide luzea” izan dela aitortu dute elkarteko parte hartzaileek, duela bi urte hasi baitziren biltzen. Prozesu horretan hainbat oztopo gainditu behar izan dituztela ere adierazi dute, “elkartea sortzeko enpresen artean konfiantza izan behar da, eta hori lortzea kosta egiten da. Beldurrak eta zalantzak genituen guztiok, eta bidean enpresa askok ekimena utzi ere egin dute”. A3, Arroka, Debolex, Dhemen, Graficas Ilba, Kultur Atelier, Lombok Design eta Otzarretak osatzen duten Pao Pao elkartea, eta komunikazio arloko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa multzoa osatu dute denen artean.

Komunikazio gabeziak

Eskualdeko komunikazio enpresak ohartu ziren orain arte Urola Kostako eta oro har Euskal Herriko industria enpresek ibilbide oparoa egin dutela komunikazioa gehiegi landu gabe. “Krisi garaia iritsi zenean, egoera guztiz aldatu zen, eta beren produktua saltzeko arazoak izaten hasi ziren”. Testuinguru horretan, Urola Kostako Udal Elkartea enpresek zituzten komunikazio beharrez ohartu zen, eta horregatik bultzatu zuen elkartea.

Pao Pao elkarteak enpresek komunikazio arloan duten egoera identifikatzeko tresna bat sortu dute; galdeketa bat da, eta paopaoelkartea.eus webgunean eskuragarri dago. “Enpresei komunikazio arloan dituzten gabeziak zein diren ikusarazteko auto-diagnosi bat sortu dugu. Enpresek hausnarketa egitea lortu nahi dugu; ondoren, enpresa bakoitzak ikusiko du zenbat komunikazio ttantta behar dituen”.

Pao Paoko kideek uste dute eskualdeko enpresa askok komunikazioa ez dutela profesionaltasunez lantzen. “Sare sozialetan egon behar dela badakite, baina askok bekadun bati edo familiako kideren bati ematen diote beren sare sozialak kudeatzeko ardura”. Pao Paoko adituen ustez, webguneak edo sare sozialetan kontua sortzeak ez du helburua izan behar, bidea baizik. “Enpresen komunikazioak estrategia bat behar du; enpresa bakoitzaren beharrak identifikatu behar dira lehenengo. Horren arabera, zein euskarri landu behar diren zehaztu, komunikazioa eraginkorra izan dadin”.

Ibilbidea egina

Pao Paoko kideen esanetan “berritzailea” da komunikazio arloko enpresen elkartea. “Ez gara enpresa sortu berriak, dagoeneko ibilbidea egina dugu, eta sarean lan egiteko eta gure artean elkarlanean aritzeko aukera bikaina da elkartea”.

Bestalde, eskualdeko enpresen komunikazio beharrak ulertzeko eta horiei irtenbidea emateko Pao Pao elkartea “aproposa” dela nabarmendu dute.