Xey lantegiko beharginek mobilizazio eguna dute gaur

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 8a, 12:20
Auto karabana Zarauzko Araba kaletik igarotzen (Amaia Vntas Aldabaldetreku).

Xey lantegiko langileek "gardentasuna eta inplikazioa" eskatu dizkiete enpresako arduradunei. Deitutako mobilizazioen artean, auto karabana egin dute Zumaiatik Zarautzera.

Zumaiako Oikian dagoen Xey enpresako langileek mobilizazioa dute gaur. Goizean, elkarretaratzea egin dute lantegiaren aurrean, eta Zumaiatik Zarautzera arteko auto karabana egin dute gero. Joan den ostiralean (ekainak 2) agerraldia egin zuten enpresaren atarian, bizi duten egoera zailaren berri emanez eta enpresari eta Eusko Jaurlaritzari gardentasuna eta inplikazioa eskatuz. Gaurko bezala, ekainaren 14rako eta 15erako ere greba deitu dute Xeyko beharginek.

Enpresak hartzekodunen lehiaketa eskatu du, baina langileek ez dakite jabeek aurrera jarraitzeko eta enpresa likidatzeko asmoa ote duten; informazio eza salatu dute beharginek. 170 langile inguruk egiten dute lan Xeyren enpresa taldean.

Duela bost bat urte talde berri batek hartu zuen enpresako zuzendaritza. Orduan egoera txarrean zegoen enpresa, zailtasun handiak zituen bere produktuak merkaturatzeko eta bideragarritasuna bermatzeko. 2012an, zenbait akziodun pribatu eta Eusko Jaurlaritza (egun enpresaren %32aren jabe da) sartu ziren jabegoan enpresari bultzada bat eman nahian. Eta bazirudien bide onetik zihoala: 2012an zortzi milioi euro fakturatu baziren, 2015ean 24 milioira iritsi ziren. Enpresak gaur egun lan karga handia dauka baina, dirudienez, ez da nahikoa.  Gainera, langileek salatu dute, haiekin ere zorretan dela: aurtengo hiru soldata ez dituzte kobratu, eta aurreko hiru urteetako beste sei paga ere ez.