«Ordu erdi lehenago erabakiko dugu zer jo»

Aritz Mutiozabal 2017ko eka. 9a, 09:00
Toy boskotea.

Gaur gauean, Zarauzko Rockumentalak! zikloaren barruan, Brightongo (Erresuma Batua) Toy boskoteak kontzertua emango du Modelo aretoan. Taldeko Maxim Barron baxu-jotzailea elkarrizketatu du Zarauzko Hitzak.

Rockmuntalak! zikloaren 10. urteurrena ospatzen ari dira, eta egitasmoaren aurtengo kontzertu nagusia Erresuma Batuko Toy boskoteak eskainiko du. Emanaldia gaur gauean izango da, 22:00etatik aurrera, Modelo aretoan; haiekin batera, Bilboko Vulk ariko da zuzenean talde gonbidatu gi­sa. Sarrerak oraindik salgai daude; aurretik eros daitezke www.entradium.com-en, eta kontzertua baino lehen aretoko leihatilan, 14 eurotan.

Udazkenean kaleratu zenuten Clear Shot diskoa, estudioko zuen hirugarren lana. Zer-nolako harrera izan du?
Uste dugu harrera ona izan duela diskoa entzun dutenen artean. Jendeak gozatu egin du abesti berriak kontzertuetan jotzen aritu garenean. Egia esan, dibertigarriak dira zuzenean jotzeko.  Jendeak oraindik zuzenean ikusi ez gaituen tokietara joatea espero dugu aurten.

Zuen aurreko bi lanekin alderatuta, askotariko doinuak nahiz erritmoak (shoegaze, post-punk, doinu hipnotikoak…) dira nagusi, nahiz eta zuen indie-rock eta psikodelia izaerari fidel eutsi diozuen.
Uste dut Clear Shot diskoan aurreko bi lanetan baino erritmo gehiago jaso ditugula,  eta, oro har, ideia ezberdin gehiago dituela. Soinuari dagokionez, gainera, aurreikusi genuena baino garbiagoa da. Horrek guztiak aukera eman digu overdubs [audio geruzen pilaketa] gutxiago sartzeko eta espazioko sentsazio bat sortzeko.

Diskoa kaleratu eta berehala eszenatokietan zuzenean aurkezteari ekin zenioten. Kontzertuak al dira disko bati benetako balioa ematen dioten momentua?
Musika egiteko bi aurpegi dira, eta guk biekin gozatzen dugu. Kontzertuek aukera ematen digute diskorako grabatutako abesti horiek garatzeko, baina diskoan badira grabaziorako propio barneratutako hainbat  xehetasun berezi. Azken finean, bai diskoek bai zuzenekoek, biek dute paper inportantea.

Espainiako Estatuan bira bat egin zenuten urte amaieran, eta orain beste hiru data dituzue; tartean, Zarauzko Rockumentalak! zikloan. Espainian eta Euskal Herrian egiten duzuena gustatzen den seinale?
Beti gozatzen dugu hemen inguruan jotzen ditugun kontzertuekin. Duela gutxi hemen eskainitakoak dira gure emanaldi gogokoenak. Gainera, uste dut orain izango garen hiru hiri horietan ez dugula sekula jo.

Zarautzen, adibidez, estreinakoz izango zarete, Modelo izeneko areto txiki batean. Zer-nolako aldartearekin zatozte? Baduzue Rockumentalen berri?
Orain dela gutxira arte ez dugu izan egitasmoaren berririk. Birako gure managerrak Modelo aretoa bisitatu du, eta esan digu oso toki atsegina dela. Beraz, bertan jotzeko eguna iristeko irrikitan gaude.

Clear Shot diskoa aurkeztuko duzue zuzenean, baina aurreko diskoetako abestirik ez da faltako. Nola egituratuko duzue emanaldia?
Oraindik ez gaude ziur, baina normalean gure hiru diskoetako abestien nahasketa bat egiten dugu. Segur aski, taula gainera irten baino ordu erdi lehenago erabakiko dugu errepertorioa.

Lau urtetan hiru disko argitaratu dituzue. Taldearen sorkuntzak ez dauka mugarik?
Hala dirudi... Abesti ugari sortzen ari gara momentu hauetan.

Taldearen dinamika ikusita, laugarren diskoa prestatzen ari zaretela aurreratu al daiteke ala oraindik ez?
Hasi gara, bai.  Esan bezala, abesti asko ari gara egiten. Abesti berri horiek zorroztu eta grabatu nahi ditugu uda sasoi honetan.