Sanpelaioak 2017

Leire Vallejok irabazi du gehiegi edatearen kontrako pegatina lehiaketa

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 23a, 10:30

Nahikuazu, burua zaindu itsaskorragatik irabazi du Vallejok lehiaketa. Bigarren saria, berriz, Aitor Garciarentzat izan da, Alkohola arriskutsua d(r)unk itsaskorragatik.  Igandean tabernetan nahiz malekoian jarriko duten mahai informatiboetan banatuko dituzte lanok.

Laugarren urtez, festetan alkohol gehiegi edatearen kontrako umorezko pegatinen lehiaketa antolatu du udaleko Prebentzio zerbitzuak, eta Leire Vallejoren Nahikuazu, burua zaindu lana aukeratu du epaimahaiak. Bigarren saria, berriz, Aitor Garciarentzat izan da, Alkohola arriskutsua d(r)unk itsaskorragatik. “Lehiaketaren helburuetako bat gizartean egiten den gehiegizko alkohol kontsumoarekiko gogoeta eta gaiarekiko sentsibilizazioa bultzatzea da, eta bi kartel hauek kutsu umoretsua erabiliz helburua lortu dute”, adierazi du Prebentzio eta Osasun zinegotzi Miren Letamendiak.

Nabarmendu du adin txikikoen eta gazteen edari alkoholdunen gehiegizko kontsumoa "kezkagarria" dela zenbait kasutan: “Azken urteetan kontsumo esperimentalak hasten direneko adina jaitsi egin da. Gero eta gazteago hasten dira substantziak probatzen eta, ondorioz, arriskuak handitu egiten dira. Gainera, arriskuen pertzepzioa murrizten ari da, gizartean erabat onartua baitago zenbait alkoholen kontsumoa egitea. Alkohola arduraz kontsumitzeak duen garrantziaz jabetu nahi ditugu herritarrak. Kontsumoari lotutako arriskuak saihets ditzagun".

Mahai informatiboak eta 'testing'-a

Hori dela eta, mahai informatiboak jarriko dituzte igandean, San Pelaio bezperan, itsas pasealekuan 00:00etatik 03:00etara. Bertan banatuko dituzte itsaskorrak, eta baita hainbat gomendio jasotzen dituen triptikoa ere. Tabernetan ere eskuragarri izango dira pegatinak.

Munoan, txosnen inguruan, berriz, drogei buruzko informazioa eta analisi zerbitzua eskainiko dute.  Testing programak aisialdi guneetan ematen den droga kontsumoaren gainean arriskuak gutxitzea du helburu eta orain arte, gazteen artean “oso emaitza onak” izan dituela jakinarazi du zinegotziak. Analisien bitartez, drogen konposizio zehatza jakiteko aukera izango da. "Prebentziorako eta arriskuak gutxitzeko tresna baliagarria da. Gaur egun klandestinitatea eta osasun-kontrol eza direla eta, merkatuan dauden drogen adulterioak egitea geroz eta nabarmenagoa da”, gaineratu du Prebentzio zinegotziak.

Halaber, prebentzioa bultzatzeko helburuarekin bestelako informazioa ere eskuratu ahalko da karpan, eta droga bakoitzak organismoan duen eraginaren berri emango da, besteak beste. Testing programa Ai-Laket elkarteko kideek egiten dutela jakinarazi du: “Karpara gerturatzen direnek analisiak doan egiteko aukera izango dute eta anonimotasuna errespetatuko da, momentu oro”. Bi ekintzek Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioaren Zuzendaritzaren babesa dute.

Erlazionatuak