Zarautzen jokatuko dute Siroko Surf Ligako lehen proba

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 23a, 13:18
Ezkerretik, Illarramendi, Unanue, Molini, Altamira, Rodriguez eta San Martin, gaurko aurkezpenean.

Asteburuan izango da, eta estatuko surflari profesional ugari bilduko ditu, tartean zenbait zarauztar: Indar Unanue, Roberto Letamendia, Lander Davila, Karlos Gomez, Hodei Collazo eta Ainara Aymat.

Lehenbiziko aldiz jokatuko dute aurten Siroko Surf Liga. Iban San Martin Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, estatu mailako lehenbiziko txapelketa profesionala izango da, eta "ohore handia" da estreinako proba Zarautzen izatea. Ligari asteburu honetan emango diote hasiera Borghetto parean. Beste biak Xixonen (Asturias, Espainia) eta Pantinen (Galizia) jokatuko dituzte, uztailaren 15 zein 16an eta abuztuaren 26 zein 27an, hurrenez hurren.

"Hiru herriok surf tradizio handia dute, kirol horren inguruan zaletasun handia eta surferako baldintza bikainak", nabarmendu du Kirol zinegotziak. Zarautz, zehazki, surfari dagokionez "Europa mailan erreferentea" dela gaineratu du, eta urte osoan zehar eskaintzen dituela kirol hori praktikatzeko baldintza egokiak. "Pro Zarautz munduko surf txapelketa berreskuratu den bezala, estatu mailako txapelketa honen aldeko apustua egitea erabaki da; izan ere, Siroko Surf Ligaren helburuarekin bat egiten dugu: surflari profesionalei gure bultzada ematea eta talentua duten gazteen artean kirol honekiko ilusioa sortzea".

Sirokoko Lucas Altamirak adierazi du hasieratik argi izan dutela liga non hasi. "Zarautz estatu mailan ikur bat da, surflari onenetariko batzuen jaioterria da eta harrobi ikaragarria dauka". Horregatik, liga udalerrian abiatzea "ohorea" dela nabarmendu du.

Asteburuko probak estatuko surflari profesional ugari bilduko ditu, tartean, zenbait zarauztar: Indar Unanue, Roberto Letamendia, Lander Davila, Karlos Gomez, Hodei Collazo eta Ainara Aymat, hain zuzen ere.Horiez gain, Zarautzen bizi den Mireia Molini katalana ere lehiatuko da. Azken horrek eskerrak eman ditu ligako lehenbiziko geldialdia "bere herrian" izango delako, eta aitortu du "ilusio handia" egiten diola. Besteak beste, Imanol Yeregi, Natxo Gonzalez, Lucia Martiño, Yolanda Rodriguez, Garazi Sanchez eta Leticia Canalesek ere hartuko dute parte asteburuko proban.

Berdintasuna eta baldintza egokiak

San Martinek nabarmendu du probak "guztizko berdintasuna" bermatuko duela. Hala, surflari kopuru bera izango da emakumezkoetan eta gizonezkoetan, eta bi mailatan sari bera eskainiko dute. Guztira, 30.000 euro emango dituzte. "Hori oso garrantzitsua da emakumeontzat", adierazi du Rodriguezek. "Espero dut eredugarria izatea beste hainbat probetarako".

Euskal Herriko Surf Federazioko txapelketa zuzendari Oier Illarramendik iragarri du "ekaina izateko zortea izango dela olatuei dagokionez": "Hilabete honetan normalean ez dira olatu oso onak altxatzen. Baina, egun hauetan olatu txikiak izan badira ere, arratsalderako handitu egingo da eta biharko zein iganderako baldintza onak aurreikusi dira: bihar metro-metro erdiko olatuak izango ditugu, eta igandean, metro batetik gorakoak". "Surflarien maila ikusita, eta baldintza egokiak egonda, ikuskizuna ziurtatuta egongo da". Unanuek nabarmendu du espero duela liga horrek jarraipena izatea. "Urte askotan ez da halako txapelketa sendorik izan, eta espero dugu olatu onak izatea, guztion gozamenerako".