‘Merkatutik zuretzat’ zikloko laugarren saioa izango da larunbatean

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 29a, 18:23
Oraingoan, tomatea eta hegaluzearekin prestatuko dituzte plater zein pintxoak.

Tomatea, Ibarrako piperrak eta hegaluzearekin prestatuko dituzte plater eta pintxo bana Aiala ostalaritza eskolako ikasle Lierni Gutierrez eta Eneko Arandiak.

Hilero bezala, Merkatutik zuretzat. 12 hilabete, 12 produktu zikloaren barruan, jardunaldia izango da larunbat goizean, Merkatu plazako lehenbiziko solairuan, 11:00etan hasita. Oraingo honetan, uztaileko produktuekin, hau da, tomatea, Ibarrako piperrak eta hegaluzearekin prestatuko dituzte plater eta pintxo bana Aiala ostalaritza eskolako ikasle Lierni Gutierrez eta Eneko Arandiak. Zehazki, hegaluzea eta piper berde frijituekin osatutako plater tradizionala eta hegaluze takoa Ibarrako piperrekin prestatuko dituzte.

Ohi bezala, Merkatu plazan erosiko dituzte osagaiak eta postuetako ordezkariek emango dituzte horien inguruko xehetasunak. Kasu honetan, Itziar arrandegikoak hegaluzearen inguruan hitz egingo du, Urtetako Gurmendi Baserrikoak barazkiei buruz eta auzo bereko Mokoroa txakolindegikoak, berriz, edari horretaz.

Era berean, prestatuko dituzten plater eta pintxoaren errezetak eskuragarri izango dira, eta ekimeneko laugarren otarra ere zozkatuko dute. Halaber, haur txoko bat ere izango da erabilgarri.

Jesus Arana Sustapen Ekonomikoko zinegotziak ekimenak herritarren artean izan duen harrera "oso positiboa" dela adierazi du: "Orain arte izan ditugun hiru saioetara hurbildu diren herritarrekin hitz egiteko aukera izan dut eta hauen iritzia ekimenarekiko oso positiboa da. Orokorrean, garaiko produktuei buruz eta sukaldatzeko tresnei buruz asko ikasten ari direla diote eta, era berean, pintxo eta platerak zuzenean prestatzeak sukaldari bikoteari galderak egiteko aukera ematen duela iritzi dute. Pintxoa dastatzeko aukera eskaintzean, prestatutakoa guztion eskura dagoela ikusten dute eta, era berean, Merkatu plazako produktuen kalitate eta zaporea dastatzen dute”.