Elkarretaratzea deitu dute sanpelaioetan "eraso oso larri bat" izan zela salatzeko

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 1a, 14:35

Zarauzko mugimendu feministak jakin du festetan adin txikiko neska bat bortxatu zutela. Bihar 12:00etan izango da elkarretaratzea, udaletxe aurrean.

Zarauzko mugimendu feministak jakinarazi du San Pelaio festetan "eraso oso larri bat" izan zela. "Hain zuzen ere, adin txikiko neska bat bortxatua izan dela jakin dugu. Horrez gain, baieztatu ahal izan dugu dagokion instantzia polizialean salatua izan dela erasoa emakumearen partetik".

"Egoera biziki larria da, ezin da onartu Zarautzen, ez inon, horrelako erasorik". Hori adierazi eta erasoa jasan duen emakumeari babesa agertzeko, elkarretaratzea antolatu dute biharko. 12:00etan izango da, udaletxe aurrean. Herritar zein udal ordezkari oro bertaratzera deitu dituzte. "Uste dugu garrantzitsua dela herritar guztion ordezkaritza duen gertueneko entitatea bertan herritarrokin present egotea, erakundeen erantzuna ere tinkoa izatea".

"Ezetza beti da ezetza, batera zein bestera. Gu gara gure gorputzaren jabeak, ezin du inork gure partez erabaki, inoiz", nabarmendu dute Zarauzko mugimendu feministatik. Hori dela eta, "gure artean batu eta autodefentsa feminista aldarrikatu eta praktikatzea ezinbestekoa" dela diote.  "Eta hau gure arteko elkar babesetik hasten da, horrelako erasoak onartzen ez ditugunok batzetik eta zenbat eta gehiago izatetik".

Gogoratu dute udan zehar festa ugari izango direla herriz herri, eta "zoritxarrez" Zarauzko erasoa ez dela kasu aislatu bat izango: "Horrela erakutsi zigun begirada asko atzeratu gabe 2016ko udak. Ez da auzi puntual bat, ez da bakarkako aterabidea duen arazo bat. Estrukturala eta kolektiboa da, eta beraz guztion esku ere badago honi aurre egitea".